Gero eta bisitari gehiago hartzen ditu Bilboko Guggenheim Museoak
2017-01-03 08:19 Kulturea2016ko balantzea egin dau Guggenheimek. Guztira, 1.169.000 bisitari izan zituan igaz, 1998tik egon dan kopururik handiena.
Pozik agertu dira Bilboko Guggenheim Museoko arduradunak 2016ko balantzea egiteko orduan. Gero eta handiagoa dan bisitari kopurua ez eze, urtean zehar jasotako sari eta errekonozimenduak azpimarratu ditue. Esate baterako, Conde Nast Traveller aldizkariak munduko museorik politenaren izendapena emon eutsan. Espainiako museorik gardenena dala be jakin zan irailean. Museoaren bide onaren eta proiekzinoaren adierazle dira horreek izendapenak, Guggenheimeko arduradunen esanetan.
Bisitariei jagokenez, errekorra gainditzear izan da Bilboko Guggenheim. Azkenean, 2016a historiako urterik jentetsuenetan bigarrena izan da. Inaugurazinoaren osteko lehenengo urtea, 1998a, da orain arteko jentetsuena. Ondoren, 2016a dago. Izan be, aurreko urteetako jokereari eutsi eta gero eta bisitari gehiago hartzen dago Bilboko museoa. 2015ean baino % 6 bisitari gehiago hartu zituan 2016an.
Museoa bisitau ebenen % 9 bizkaitarrak izan ziran arren, gehienbat atzerriko jentea etorri zan Guggenheimera. Esaterako, Frantziatik etorri ziran % 18, Erresuma Batutik % 7 eta Alemaniatik % 6.
Udabarri eta udako aldi baterako erakusketek erakarri eben jente gehien. Andy Warhol, itzalak erakusketara 820.000 lagun joan ziran eta Louise Bourgeoisenera, 679.000. Francis Bacon, Picassotik Velazquezera erakusketatik, ostera, 282.000 lagun pasau dira abendura arte. Urtarrilaren hasikeran zarratuko dabe azken erakusketa hori.
Hezkuntza egitarauko parte-hartzaileen kopuruak be gora egin eban 2016an, Guggenheimeko arduradunen esanetan. Museoan bertan zein online egiteko jardueretan 317.000 erabiltzaile egon dira eta entzuteko gidak ia 600.000 lagunek erabili ditue. Ganera, iTunesU plataformearen bidez eskuragarri dagozan unidade didaktiko interaktiboak izan dira 2016ko nobedadeetako bat: Euskerazko 20 ikastaroren oinarria izan dira unidadeok eta gaztelaniaz beste horrenbeste egin dira.
Guggenheimek emondako datuen arabera, 424 miloe euroko eragina izan eban museoak Barne Produktu Gordinean. Euskal ogasunek 65 miloe euroko sarrera gehigarriak izan zituen jarduera horri esker. Museoaren eraginez, 9.000 lanpostu inguru dagozala kalkulau dau Guggenheimek.
2017a urte berezia izango da Bilboko Guggenheimentzat, museoaren 20. urteurrena beteko da eta. Efemeride hori gogoan, TopArte izeneko programea martxan jarri da eta dagoeneko dozena bat erakunde eta alkartek erabili dabe Guggenheim euren jardueretarako, egitarau horren barruan.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!