Joxemiel Bidadorren artikuluak liburu baten batu ditue

Bizkaie! 2016-12-30 10:39   Kulturea

Nafarkarian 1995 eta 2001. urteen artean idatzitako testuak dakarz Klasiko bitxi, arront klasiko lanak. Aritz Galarraga ibili da edizinoa atontzen.

Joxemiel Bidador (argazkia: Nabarralde) | Ikusi handiago | Argazki originala

Gazte hil zan Joxemiel Bidador idazle, ikerlari, kulturgile eta irakasle nafarra (Iruñea 1970-2010). Ondare aberatsa itxi eban, baina, hil aurretik eta, horregaitik, Nafarroan euskal kulturea ikertu, jagon eta zabaltzeko izan eban ardurea autortu jako sarri. Besteak beste, artikulu interesgarriak idatzi zituan Euskaldunon Egunkariaren Nafarkaria gehigarrian. Horreetako batzuk batu eta, lehenegoz, liburu formatuan irakurri ahal izango dira.

Aritz Galarragak atondu dau edizinoa eta Pamiela argitaletxeak plazaratu. Klasiko bitxi, arront klasiko izenburua ipini deutso Galarragak liburuari, Bidadorren sailak be izenburu hori eukalako. 1995 eta 2001 bitartean, 262 artikulu idatzi zituan Bidadorrek Nafarkariaren atal horretan eta hor altxor bat topau dauela ziurtatu dau Galarragak.

Proiektuaren inguruko aholkuak eta laguntzinoa emoten, Patxi Larrion eta Santi Leone idazle nafarrek lagundu deutsie Galarragari. Biak izan ziran Bidadorren lagunak eta ondo ezagutzen dabe haren ekarpena. Bidadorren sendiak be lagundu dau. Liburuaren aurkezpenean, hain zuzen, Idoia Sara alargunak parte hartu dau, Aritz Galarragaren alboan.

Familiaren laguntzinoagaz Bidadorren agirietan arakatzen ibili zanean, artikuluetan oinarritutako liburu bat sortzeko proiektua topau eban Galarragak, hau da, Bidadorrek berak baeukan bildumea liburu bakarrean plazaratzeko asmoa. Galarragaren lana ez da, zehatz-mehatz, Bidadorrek aurrikusi ebanaren modukoa, artikulu guztiak ezin izan ditualako sartu, baina proiektu biak antzeko idea baten oinarritzen dirala azpimarratu dau.

Ganera, orain dala urte dezente idatzitako artikuluak izanik, moldaketa batzuk egin ditu Galarragak. Batetik, sasoian sasoiko errealidadeari Bidadorrek egindako erreferentzia batzuk egokitu ditu. Bestetik, euskerea bera be moldatu dau kasu batzuetan, 1995etik hona arau batzuk aldatu diralako. Edozelan be, Bidadorren idazteko modu bereziari eutsi deutso.

Edukinari jagokonez, funtsean, euskal literaturearen ezkutuko aldea erakusten dabe artikuluok. Ikerlari trebea zan Joxemiel Bidador eta euskal letrei lotutako datu interesgarri ugariren barri emon eban Nafarkarian. Askotan, literaturako izen handiak albo baten itxi eta ospe gitxi baina ekarpen oparoko eragileei begiratzen eutsen. Hori dala eta, euskal literaturearen arpegi ezkutua ezagutzeko artikulu aproposak dirala uste dau Galarragak.

Beste gai batzuen inguruan be idatzi eban Bidadorrek Nafarkarian, baina danak ezin kabidu eta literaturearen ingurukoak baino ez sartzea erabagi dau editoreak. Aukeraketea eginda be, ia 500 orrialdeko liburua da Klasiko bitxi, arront klasiko.

Interneten artikuluetako batzuk irakurtzeko moduan dagozan arren, Nafarkarian agertu ziranetik testu gehienak ez dira barriro argitaratu, gitxiago liburu bakarrean batuta. Horregaitik, Joxemiel Bidadorrek itxitako ondare zabalaren lagin hau ezagutzeko aukera aproposa da Aritz Galarragaren ekimenez argitaratutako lana. Ganera, era honetako liburu gehiago ateratzeko materiala dagoala uste dabe Galarragak eta Pamielako arduradunek, Bidadorren idatzietan sakontzen segidu ezkero.

 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu