Paco Etxeberria medikua eta José Miguel Mulet idazlea, Eztabaidak Literatureagaz zikloan
2016-12-07 11:12 KultureaMartitzenean, hilak 13, Bilboko Bidebarrieta liburutegian egingo dabe topaketea. Literatura forentsea izango da gai nagusia.
Bilboko Udalak Bidebarrieta kulturgunean antolatzen dauen zikloa da Eztabaidak Literatureagaz. Hurrengo ekitaldiak medikuntzea eta letrak buztartuko ditu eta, horretarako, gaian sakondu daben autore bi izango dira gonbidatuak. Paco Etxeberria mediku forentse gipuzkoarrak, esaterako, lan handia egin dau memoria historikoa berreskuratzeko eta Aranzadi Zientzia Alkarteko presidentea da. José Miguel Mulet valentziarra, ostera, idazlea eta Valentziako Unibersidade Politeknikoko irakaslea da.
Arratsaldeko 19:30etan hasiko da martitzeneko saioa, Dani Álvarez kazetaria moderatzaile dala. Paco Etxeberriagaz batera, El lector de huesos saioa aurkezten hasi da Álvarez Euskal Telebistan. Hain zuzen be, azken urteotan jazotako hilketa lazgarrienak aztertzen ditue saioan, ikuspegi forentsetik eta historikotik.
Bidebarrieta liburutegian egingo dan solasaldira sartzea librea izango da, leku guztiak bete arte. Dana dala, joan ezin dauenak, saioa internetez ikusteko aukerea izango dau, streaming bidezko emonaldiari esker (hemen).
2007an martxan hasi zanetik, Eztabaidak Literatureagaz programako solasaldietatik 270 autore inguru pasau dira. Guztira, 9.500 ikus-entzule izan dituela kalkulau dabe antolatzaileek. Aurten hamargarren edizinoa bete dau zikloak.
Normalean, idazle biren edo literatureagaz loturea daukien aditu biren arteko solasaldiak izaten dira, gai baten inguruan. Jente aurreko alkarrizketon bidez, literaturea eta sormen kulturala publikoari hurreratzeko modu bat da Eztabaidak Literatureagaz, Bilboko Udalak azaldu dauenez.
2016/12/13 19:30
Bilboko Bidebarrieta liburutegianErantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!