Durangoko Euskal Dendeak 18.000 bisitari izan ditu aurten

Bizkaie! 2016-12-07 09:39   Kulturea

Durangoko Azokeagaz batera egiten da Euskal Dendea, artisauen lana erakusteko. Salmentakaz pozik dagoz antolatzaileak.

Lorea Bilbao Bizkaiko Kultura diputadua, buztingintza tailer baten (argazkia: Arbaso) | Ikusi handiago | Argazki originala

Arbaso alkartea arduratzen da, urtero-urtero, Euskal Dendea antolatzeaz, Durangon. Aurtengoa 21. edizinoa izan da. Behin azokea amaituta, balantzea egin dau Arbasok eta, bisitari kopuruak behera egin dauen arren, salmentei eutsi egin deutsiela azpimarratu dau.

Euskal Dendea zabalik egon dan bost egunetan, 18.000 bisitari hartu ditue. Hori, igaz baino 5.000 gitxiago da. Aurreko urteetan baino jente gitxiago erakarri dau aurten Durangoko Azokeak, beharbada fetxak aurreratu diralako, eta horrek eragina izan dau Euskal Dendan be. Halandabe, pozik dagoz antolatzaileak. Hasi ginanean, 1995ean, ez genduan asmauko 20.000 bisitari izango genduzanik; igaz gehiago etorri ziran, bai, baina aurtengo datuak ez dira makalak, adierazo dau Arbaso alkarteak.

Artisauak gustura geratu dira, ganera. Izan be, beste batzuetan baino jente gitxiago egon dan arren, joan diranek erosi egin dabe zeozer. Artisauak pozik dagoz, azaldu dau Arbasok. Salmenten alorrean, igazko kopuruaren bueltan ibili dira. Jentearen leialtasuna nabarmendu dabe Arbasokoek, gero eta publiko kontzientziatuagoa daukielako.

Durangoko Euskal Dendearen helburu nagusia, euskal artisautza tradizionala zein garaikidea bultzatzea eta merkaturatzea da, Arbasok esan dauenez. Artisauen lanak bizi-bizirik dagozala eta kalidade handiko produktuak egiten dituela ikusi ahal izan dabe bisitariek, horretarako antolatu diran teilerrei eta erakustaldiei esker. Guztira, 52 artisauk parte hartu dabe azokan.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu