Kixoteren pausuen atzetik ibili da Iñigo Astiz
2016-12-06 09:32 KultureaMantxako lurretan udan batutako bizipenak eta gogoetak idatzi ditu Iñigo Astizek Kixotenea liburuan. Maite Mutuberriarenak dira ilustrazinoak.
Idazlea ez eze, kazetaria be bada Iñigo Astiz eta Berria egunkarian argitaratu zituan, abuztuan, Kixoteren lurretan ikusi eta entzundakoen kronikak. Orain, edukinak osotuta eta liburu bihurtuta aurkeztu dau Durangoko Azokan, Kixotenea izenburupean. Miguel Cervantesek idatzitako liburu ospetsuan agiri diran paisaje eta herriak bisitau ditu Astizek eta Kixoten itxitako arrastoen bila ibili da. Cervantes hil zaneko 400. urteurrena izan da atxakia.
Fikzinozko pertsonaia da, baina, On Kixote Mantxakoa. Ganera, Cervantesek ez eban arrasto askorik itxi haren jatorriaren ganean, zertzelada batzuk baino ez. Hartara, herri ugaritan aldarrikatzen dabe Kixote bertakoa zala. Horreetan guztietan ibili da Astiz, bere kabuz, hango jenteari galdetzen eta Kixotegaz lotutako txokoak ikusten. Horri esker, Mantxako bazter guztietako barri jaso ahal izan dau.
Fantasiaren eta errealidadearen arteko nahasketea da Kixotenea. Badauka kronikatik eta badauka literaturatik asko. Lekuak benetakoak dira, Astizek benetako personakaz egin dau berba. Kixoteren pasarteak, ostera, fikzinoa dira. Eta Kixoteren ibileren ganean herriotan kontetan diran pasadizo asko be ez dira benetakoak. Egileak dinoan legez, herri guztietan dinoe guzurra, baina herri guztietan dinoe egia, era berean. Azken finean, Kixote hango paisaiaren parte da dagoeneko.
Berriako artikuluetan gogoetarako erabili zituan Astizek Mantxan ikusi eta ikasitakoak. Kixotenea liburuan, ganera, ikuspegi lieterarioago bat sartu dau, Kixoteren pasarte batzuk tartekatu ditu eta. Ikutu poetiko handiko bidaia koadernotzat jo leiteke egunkariko erreportaje moltsoa eta liburuan be gorde dau bidaietako gidearen zentzua: Aitatutako herrien datu batzuk emon ditu kontakizun bakotxaren alboan. Berriako kronikak dira liburuaren oinarria liburuan be, baina udan argitaratu ez ziran idazlan gehiago sartu ditu Kixotenea-n.
Liburuko testuen osogarri, Maite Mutuberriak ilustrau dau Kixotenea. Orririk orri, irakurleak collage erako marrazkiak topauko ditu, Astizen kontaketea girotzeko. Besteak beste, argazki zaharrak eta zirriborroak erabili ditu Mutuberriak collage-ak egiteko.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!