Aurten Bilbao Arteren bekea euki daben artisten lana, erakusketa kolektibo baten

Bizkaie! 2016-12-05 10:12   Kulturea

Bilbao Arteren egoitzan bertan ikusi leitekez 35 artista eta taldeen obrak, abenduaren 16ra arte, Ate edegiak 2016 izenburupean.

Nekane Alonso zinegotzia eta Juan Zapater Bilbao Arteko arduraduna, artelan bat ikusten | Ikusi handiago | Argazki originala

Bertoko eta nazinoarteko arte garaikidearen lagina da Bilbao Arten batutakoa, bertako arduradunek azpimarratu dabenez. Izan be, Bilboko Udalaren menpeko zentro artistiko horretan, 35 artistak eta kolektibok euren sormena garatzeko aukerea izan dabe aurten, beken bidez. Bertoko eta atzerriko artistak dagoz bekadunen artean.

Astelehenetik barikura, abenduaren 16ra arte, ikusi ahal izango da Ate edegiak 2016 erakusketea, arratsaldez. Bilbao Arteren egoitzako lau solairuetako hormak eta aretoak hartzen ditue artelanek. Bilboko Urazurrutia kalean dauka egoitzea zentro horrek.

Eskulturea, ikus-entzunezkoak, pinturea... danetariko disziplinak landu ditue 2016ko artista bekadunek. Besteak beste, Tunisiatik, Ekuadorretik eta Euskal Herritik etorritako sortzaileak hartu ditu Bilbao Artek. Urtean zehar landutakoa erakusteko aukera aproposa da artistentzat eta, ganera, datorren urterako zeregina be jokoan daukie. Izan be, erakusketa horretako zazpi artistarik nabarmenenak aukeratuko ditu Bilbao Artek, 2017an bakarkako erakusketak egin daiezen. 

Ganera, erakusketeagaz bat eginaz, topaketak antolatu dira artistakaz, abenduaren 12tik 15era. Publikoak artisten sormen prozesua ezagutu ahal izango dau jardunaldiotan, eta artistakaz berba egin. Art House Cinema aretoan izango dira saioak, arratsaldez.

Beste alde batetik, Bilbao Arte Fundazinoak 2016 urtearen balantzea egin dau. Guztira, 20 erakusketa eta 150 proiekzino antolatu dira Urazurrutiako egoitzan. Era berean, 30 berbaldi eta jardunaldi tematiko inguru eratu dira aurten, baita 20 tailer be, esaterako irudigintzearen ganekoa, ikus-entzunezkoena eta serigrafiarena.

Berbaldiak emoten, nazinoarteko adituak egon dira: Paula Bonet, Olaf Hajek, Philippe Ug, Nicolai Troxinski, Eugeni Bonet, Jose Julian Bakedano eta abar aitatu ditu Bilbao Artek.

Era berean, Austriako Bregenz uriko Kunsthaus zentroagaz dauen hartu-emonari segidea emon deutso Bilbao Artek. Dagoeneko 10 urteko lankidetzea bete dabe. Zentro bietan egonaldiak egin dituen 40 artistaren lanakaz erakusketea zabaldu zan Bregenzen urrian.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu