Marta Macho matematikariari emon deutso Emakundek Bardintasun Saria

Bizkaie! 2016-12-02 13:11   Kulturea

Irakaslea eta blogaria da Marta Macho Stadler. Emakumeek zientzian egitn daben beharra ikustarazoteko egin dauen ahaleginagaitik saritu dau Emakundek.

Izaskun Landaida Emakundeko zuzendaria eta Marta Macho | Ikusi handiago | Argazki originala

Zientzian eta teknologian emakume asko dabilz lanean, Bardintasun Sarietako epaimahaiak azaldu dauenez, eta euren lana ikustarazoteko beharra azpimarratu dau. Hain zuzen, Marta Machok urteak daroaz horretan, izan be, bere ikerketa lana zientziaren dibulgazinoaz buztartzen dau. Batetik, EHUn Matematiketan doktore eta irakaslea da eta, bestetik, Emakumeak zientzian bloga gidatzen dau. Bilboko Bidebarrieta liburutegian urtero egiten dan Emakumeek zientzia egiten dabe berbaldi zikloaren zuzendaria be bada.

Epaimahaiak adierazo dau, ikusgarritasuna emon ez eze, zientziaren eta teknologiaren arloan dabilzan emakumeei lekua egiten be lagundu behar jakela. Matematikan genero ikuspegia txertatzen aitzindaria da Macho eta unibersidadean emakume eta gizonen arteko bardintasunaren aldeko ekimenen bultzatzailea da.

Sari hau Marta Machori emongo badeutsie be, omenaldia zabaldu egin gura dau Emakundek, nesken ahalduntzea hezkuntza arlotik bultzatzen daben irakasle eta eragile guztiei, eta euren ibilbide profesionala zientzien arlora bideratu nahi daben emakumeei babesa emoten deutsienei. Gizarte inklusiboago baterako bidean, emakume zientzialarien presentzia eta errekonozimendua beharrezkoak dirala dino Emakundek.

Marta Machok pozik eta hunkituta jaso dau Emakunderen Bardintasun Sariaren barri. Emongo deutsiezan 14.400 euroak tratu txarrak jasan dituen emakumeei laguntzeko emongo ditu dohaintzan. Bardintasun Saria urtero emoten dau Emakundek, bardintasunaren alde ibilbide nabarmena egin daben persona edo alkarteei gorazarre egiteko.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu