Zabalik da Kulturearen Plaza Durangon

Dabi Piedra 2016-12-02 13:14   Kulturea

Durangoko Azokearen 51. edizinoa abenduaren 6ra arte egongo da zabalik. Liburu, disko eta danetariko proposamen kulturalei esker, euskal sorkuntzearen erdigune izango da bost egunez.

'Deshakespearizazioa' lanak zabaldu dau aurtengo Durangoko Azokea | Ikusi handiago | Argazki originala

Deshakespearizazioa ikuskizunak emon deutse ondo etorria Durangoko Azokako lehenengo bisitariei. William Shakespeare idazle ingeles handiaren imaginario literarioa, euskerea eta kulturearen aldeko aldarria buztartu dituen piezea izan da. Batez be, eskoletako ume eta gazteak dira bariku goizeko publikoa. Halandabe, edade guztietarako proposamenak topauko ditu bisitariak Landakoko gune nagusian eta Azokearen ganerako guneetan. Hain zuzen be, aurten jente guztiaren neurriko ekitaldia egitea da Gerediaga alkarte antolatzailearen helburuetako bat.

Urtero legez, 51. Durangoko Azokan, kultur alkarte, argitaletxe eta erakundeek nobedaderik barrienak aurkeztuko ditue. 246 erakustokitan, 349 nobedade datoz aurten Durangora. Era berean, euskal kultureagaz lotutako 200 bat ekitaldi antolatu dira. Hori guztia, Landakon eta inguruetan, gehienez be 700 metroko distantzian eta bost minutu ibiliaz, Gerediagak dinoanez.

Erakusmahaien gune nagusiaz gan, honeek dira Azokako atalak: Areto Nagusia, Azoka TB, Ahotsenea, Kabi@, Irudienea, Saguganbara eta Szenatokia. Horrezaz gan, Plateruena Kafe Antzokia be Azokearen ardatzetako bat izango da.

Argizaiola saria euskal kulturearen alde inurri-lana egin daben personei emongo deutsie. Euskal Herriko herrialde guztietako eragileak aukeratu ditue, kulturgintzan lan egin daben guztien ordezkari. Bakotxak bere arloan, lan iluna baina oso baliotsua egin dau.

Aurten goiz dator Durangoko Azoka, abenduaren 2tik 6ra. Bost egun, euskal kulturea zertan dan ezagutzeko. Egitaraua, hemen.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu