Toure bilbotar-afrikarraren sagako bosgarren liburua idatzi dau Jon Arretxek
2016-12-01 08:54 KultureaOraingoz serieko azkena izango da Sator lokatzak (Erein). Poliziaren salatari bihurtuta Tourek San Frantzisko auzoan dituan gorabeherak dakarz nobela baltz honek.
San Frantzisko auzoa, Jon Arretxeren esanetan Bilboko Afrika Txikia. Atzera be, hori da Toure senegaldarraren abenturen kokalekua. Serieko aurreko liburuan (Estolda jolasak) Afrika aldean ibili zan pertsonaia nagusia baina, Sator lokatzak-en, barriro bueltan da Bilbon. Egoera latzean dago Toure, poliziaren salatari bihurtzera behartuta eta, Arretxek aurreratu dauenez, hiltzaile be bihurtuta. Haren lagunak (Osman, Xihab...) be ez dagoz hobeto.
Ohiko moduan, Toure pertsonaiaren inguruko serieko bosgarren liburua nobela baltz bizia da. Burkina Fasotik Bilbora bizimodu hobe baten bila etorritako Toure da erdigunea, ezohiko inspektore bihurtuta, nobela baltzaren kanonetik begiratuta behinik behin. San Frantzisko auzoko errealidadea eta eguneroko bizitzea da liburuotako beste ardatza. Arretxek berak auzoan idazten ditu nobelak, San Frantziskoko giroa bertatik bertara ezagutzeko.
Gertakari gogorrak kontetan diran arren, Sator lokatzak liburuan barriro umore ikutua berreskuratzen ahalegindu da Basauriko idazlea. Toureren serieak aurrera egin ahala, umorea gitxitzen eta gertakariak gordintzen joan dira. Hasikerako umore puntu horretara bueltau da Arretxe, pasarte latzak be badagozan arren. Aurrekoak legez, liburu honetako kontaketea arina da, gertakariak bata bestearen atzetik kateatzen dira. Betelan gitxiko lanak izaten dira Arretxerenak.
Orain dala urte batzuk Toure pertsonaia sortu ebanetik (19 kamera nobelan), San Frantziskoko afrikarraren bosgarren abenturea da Sator lokatzak. Badirudi serieko azkena izango dala, oraingoz behintzat. Izan be, Jon Arretxek beste proiektu literario batzuetan sartzeko asmoa dauka.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!