Miguel Zugaza Bilboko Arte Eder Museora bueltauko da, Pradoko kargua itxita

Bizkaie! 2016-12-01 08:24   Kulturea

15 urtez Madrilgo Prado museoko zuzendari izan da Zugaza. Datorren urtean Bilboko Arte Eder Museoko zuzendaritzara bueltauko dala iragarri dau.

Miguel Zugaza Bilboko Arte Eder Museoko zuzendari izan zan 1995etik 2001era, Madril aldera jo aurretik. Prado museoan bete dauen zikloa agortutzat jo dau eta bertako Errege patronatuari jakin eragin deutso datorren urtean kargua itxi nahi dauela. Javier Viar Bilboko Arte Eder Museoko zuzendariak erretiroa hartuko dauenez, Zugazak ordezkatuko dau.

Iñigo Méndez de Vigo Espainiako Kultura ministroari eta Unai Rementeria Bizkaiko Ahaldun Nagusiari bialdutako ohar baten, Miguel Zugazak betetzat jo ditu Prado museoan izan dituan helburuak eta eskerrak emon deutsez agintari biei, emondako babesagaitik. Alde batetik, Prado museoak sasoi barri eta oparo bat daukala aurretik adierazo dau Zugazak eta, bestetik, suberteko dagoala dino, barriro Bilboko museora bueltau ahal izango dauelako.

Unai Rementeriak, Bizkaiko Ahaldun Nagusi eta Arte Eder Museoko Patronatuaren presidente dan ezkero, Zugazaren erabagia poztasunez hartu dauela adierazo dau. Javier Viarrek urteotan egindako lan onari segidea emoteko eta museoa indarbarritzeko persona aproposa da Zugaza, Rementeriak azaldu dauenez.

Ordezkoa topetan deutsien artean, Miguel Zugazak Prado museoko behin behineko zuzendari izaten segiduko dau. Bertako Patronatuko presidente José Pedro Pérez-Llorcak dino, Pradok izan dauen garapenaren arduradun dala Zugaza eta begi bistakoak dirala bere kudeaketeari esker egon diran aurrerapenak. Hortaz, esker oneko dagoala adierazo dau.

Miguel Zugaza Durangon jaio zan 1964an. Geografian eta Historian lizentziadua da, Artearen Historia espezialidadean. Madrilgo Reina Sofia museoko konserbazino saileko zuzendariorde izan zan 1994tik 1996ra eta, ondoren, Bilboko Arte Eder Museoa zuzentzeko ardurea hartu eban. Pradon betetako hamabost urteko tartean, museoaren modernotzea gidatu dau.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu