Gabriel Arestiren argitaratu bako liburu bat topau eta plazaratu dabe

Dabi Piedra 2016-11-29 12:37   Kulturea

1962an idatzitako Mailu batekin: biola batekin lanean, Arestiren geroagoko obra ezagunen oinarriak agiri dira. Idazlearen bederatzi gutun be sartu ditue liburuan.

Juan Mari Aburto eta Jon Kortazar, liburu barria eskuetan | Ikusi handiago | Argazki originala

Euskaltzaindiaren artxiboan agertu zan Mailu batekin: biola batekin izenburuko poesia bildumea. Orain arte ezezaguna izan da lan hori, Gabriel Arestik 1962an idatzia eta Lizardi sariketara aurkeztutakoa. Poemak eurak, 1967an argitaratu zituan Arestik, Harrizko Herria liburuan, beste hurrenkera eta kontestu baten. Hartara, esan leiteke liburua bera dala argitaratu bakoa, poemak eurak lehendik be ezagunak izan diran bitartean.

Jon Kortazar adituak aztertu ditu poemak eta bera arduratu da edizinoaz, Paulo Kortazarrek lagunduta. Bilboko Udalak argitaratu dau liburua eta, hain zuzen, uriko udaletxean izan da aurkezpena, Juan Mari Aburto alkatea buru. Kortazarrek Mailu batekin: biola batekin-en balioa azpimarratu dau: Arestiren obrako Harriaren zikloaren hasikerako poemak dirala dino, han dagoz gero landu zituan kontzeptuen oinarriak. Harriaren zikloaren aurrekaria baino, hazia izan zan hau, azaldu dau Kortazarrek, poema honeetan badago agirian geroko sinbolismo soziala.

Aurkikuntza honek Gabriel Arestiren kronologia aldatzen dauela uste dau Kortazarrek. Izan be, 1964an plazaratu eban Harri eta Herri, urte bi geroago. Beraz, kontuan izanda Harri eta Herri 1963 bueltan idatzi ebala, Mailu batekin: biola batekin horren aurrekoa da, edo gitxienez garaikidea.

Orain topautako liburua ez dago argitaratuta, baina bertako poema moltsoa Lizardi lehiaketara aurkeztu eban Arestik 1962an. Ez eban irabazi eta, orduan, poemak orraztu, hurrenkerea aldatu eta beste itxura bat emon eutsen. Holan jaio zan Euskal Harria, 1967an. Horrek bai, Lizardi saria irabazi eban, eta argitaratu egin zan. Hau da, olerkiak eurak ezagunak izan dira, baina orain arte uste zana baino lehenago idatzi ziran, eta hasikeran beste proiektu baten parte ziran.

Zergaitik argitaratu hau orain, poemak lehendik be ezagutzen izan badoguz?, galdetu dau Kortazarrek. Segiduan erantzun deutso bere buruari: Liburu baten egiturea aldatu ezkero, beste proiektu bat da. Ganera, Gabriel Arestiren ibilbide literarioa ulertzeko ezinbestekoa da topautako lana. Bere ildoa ondo markauta ikusten da 1962ko liburu honetan, etorkizunean zer etorriko zan garbi itxi eban, hori da liburuaren balioa.

Horrezaz gan, Gabriel Arestik idatzitako bederatzi gutun be sartu ditue liburuan, horreek be argitaratu bakoak. Idazlearen kezkak eta ikusmoldea ezagutzeko giltzarriak dagoz eskutitzotan. Esate baterako, euretako baten, Txabi Etxebarrietaren hiletearen ganean idazten dau eta zelan horrek kontzientzia biztu deutsan. Ganera, Maldan behera poemea idatzi zanean euskera batuaren aurreko euskera batua egin nahi ebala aitatzen dau, adituek egin izan dituen interpretazinoak baieztatuz. Euskaltzaindiagaz hartu-emona zelan hasi eban be ikusten da eskutiz zaharrenetako baten.

Diseinu berezia emon deutsie argitalpenari. 1967an, Gabriel Arestik Agustin Ibarrolari eskatu eutsan bere liburuak ilustratzeko. Horri keinua eginaz, eskultorearen iloba Naiel Ibarrolari eskatu deutsie oraingo liburu honetako ilustrazinoak egiteko. Kirmen Uribek beren-beregi idatzitako testuak be sartu ditue argitalpenean.

Juan Mari Aburto alkatea pozik agertu da liburu barriagaz. Balio historikoa dau honek, eta Aresti hil eta 41 urtera agertu da, adierazo dau. Bilbokoa eta euskalduna zan Aresti eta, ganera, Bilboren etorkizuna ez eban ikusten euskera barik, dino Aburtok. Horrezaz gan, sasoi ilunetan bidebakokeria guztiei aurre egin eutselako be idazlearen lana txalotu dau alkateak.

Jon Kortazar baikor agertu da, Gabriel Arestiren inguruko ezusteko gehiago agertuko diralakoan. Aurreratu dauenez, argitaratu bako beste bederatzi gutun topau ditu eta, horreetako baten, beste poema ezezagun batzuen erreferentziak ei dagoz. Uste dot lokalizauta dodazala horreek olerkiak, esan dau Kortazarrek, baina ez dau besterik argitu.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu