Bilboko horma-arte publikoaren katalogoa argitaratu dau Udalak

Bizkaie! 2016-11-28 13:50   Kulturea

Bilbo Zaharra, San Frantzisko eta Zabala auzoetako fatxadetan dagozan hogei artelan identifikau ditue. Era horretako lehenengo katalogoa da nazinoartean.

Xabier Otxandiano eta Nekane Alonso, katalogoa ikusten | Ikusi handiago | Argazki originala

Bilbon dagoan horma-arte publikoa atzerrian ezagutarazo nahi dau Udalak, uriko fatxadetan nazinoarteko artista ospetsuek egindako obrak dagozala kontuan hartuta. Horretarako, Bilbo Zaharra, San Frantzisko eta Zabalako hogei irudi batzen dituan katalogoa argitaratu dau. SC Gallery + Art Management galeriaren eta Bilbao Arte Urbano Tours enpresearen laguntzinoa izan dau zeregin horretan.

Bilbo Zaharra, San Frantzisko eta Zabalako Plan Komunitarioaren barruko ekimen honen bidez, Udalak beste pausu bat egin nahi dau gune horren garrantzia nabarmentzeko. Arte urbanoaren alorrean, Europako bildumarik esanguratsuenetako bat dago auzootan, Udalak dinoanez. Bilbo Zaharra, San Frantzisko eta Zabalako bazter eta fatxadak apaintzen dituen lanen kopurua eta kalidadea kontuan hartuta, ez dira Berlin, Londres edo Bruselako beste gune batzuk baino gitxiago, eta horreek dira arte urbano muralaren meka handiak, adierazo dau Nekane Alonso Kultura zinegotziak.

Xabier Otxandiano Udaleko Ekonomia Garatzeko zinegotziak ganeratu dauenez, Bilboko ingurune horrek eraldaketa handia izan dau: baztertze urbanistiko eta sozialean egon ostean, indarrez bersortu dira abangoardian lekutxu bat egiteko. Eraldatze hori talentuaren eta kulturearen eskutik lortu dala dino Otxandianok.

Artearen eta urigintzearen arteko erdibidea diran horma-irudi publikoen bilduma interesgarria dago Bilbo Zaharran, San Frantziskon eta Zabalan. Katalogoan batutako hogei obrak dira horren erakusle. Urazurrutia kalean hasten dan ibilbidea proponiduten dau katalogoak, gero Bilbo Zaharra kaletik San Frantziskora heltzeko. Mariaren Bihotza plazea eta Gorte, Kontzezio eta Olano kaleak datoz gero, Mena kalean amaitu baino lehen.

Kasu guztietan, Bilboko Udalak edo beste erakunde publikoren batek bultzatutako horma-irudiak dira. Danetariko gaiak lantzen dira eta estiloak be ugari dira. Bertoko artisten lanak dira batzuk (adibidez, Jose Ramon Bañales bilbotarrarena eta Juanjo Novella portugaletearrarena) eta atzerriko sortzaile askorenak be badagoz.

Katalogoan batutako artelanak publikoari erakusteko, bisitaldi gidatuak antolatu ditu Bilboko Udalak. Abenduaren 5etik urtarrilaren 28ra arte egongo da martxan bisitaldien programea eta aurretiaz izena emon behar da Udalagaz bat eginda. Sergio Garcia galeristea eta Maider Celada Arte Ederretako lizentziadua izango dira gidariak. Gaztelaniaz zein euskeraz egingo dira.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu