Historia egin daben emakumeak gogoratuko ditue Bilboko XX. Sinposioan

Bizkaie! 2016-11-25 12:05   Kulturea

Eusko Ikaskuntzak Bilboko Udalaren laguntzinoaz antolatzen dauen topaketa hori hilaren 28an eta 29an egingo dabe. Uriaren historia genero ikuspegitik aztertzea da asmoa.

Argazkia: Bilboko Udala | Ikusi handiago | Argazki originala

Bilbori buruzko Historiaren Sinposioak 20. urteurrena beteko dau aurtengo edizinoan eta, efemeride hori ospatzeko aukeratu daben gaiaren bidez, uriaren orain arteko historia ofizialari bueltea emon nahi deutsie. Sarritan kontakizun ofizialetik baztertuta geratu izan dira emakumeak eta jagoken lekua emongo deutsie sinposioan. Antolatzaileek dinoenez, era bidebakoan geratu dira historiatik kanpo eta eurakan ipiniko dabe arretea orain.

Biztanleen zati esanguratsu bat dira emakumeak eta hareen ekarpena modu bidebakoan ahaztu izan da sarri, antolatzaileek adierazo dabenez. Horreen emakumeen historia personala zein kolektiboa berreskuratzeko asmoz antolatu dabe sinposioa, historia genero ikuspegitik barriro pentsetako.

Emakumeak Bilboren historian izenburua ipini deutsie zemendiaren 28 eta 29ko topaketeari. Bidebarrieta liburutegiko ekitaldi aretoan izango dira saioak. Lehenengo eguneko arratsaldeko 17:00etan, inaugurazinoko berbaldia emongo dau Mirta Núñez Madrilgo Complutense unibersidadeko irakasle eta Memoria Historikoa Katedrako zuzendariak.

Lehenengo eguneko ganerako berbaldietan aurreko mendeetara begiratuko dabe. Esate baterako, Zamakolada altxamendu ospetsuan emakumeek zelan parte hartu eben azalduko da eta Teresa Nadal sozialista bilbotarraren gorabeherak berreskuratuko dira.

Bigarren egunean, kasu horretan be 17:00etan hasita, zortzi berbaldi egongo dira. Besteak beste, aurrerapen ekonomiko eta politikoan emakumeek egindako ekarpena aztertuko da. Bizenta Mogel idazlearen lana be azalduko dabe eta, amaitzeko, Toti Martínez de Lezea idazleak euskal emakumearen beste historia bat kontauko dau.

Sinposioan 20 aditu eta ikerlari inguruk egingo dabe berba, banaka zein taldeka. Bilboko politikan, gizartean, ekonomian eta kulturan protagonismoa izandako andrazkoen barri emongo dabe. Dibulgazinoa izango da topaketearen helburua, emakumeek Bilboren historian egindako lana gizarteratzea. Holan, jagoken lekua emongo deutsie, orain arte ezkutuan egon dira eta.

Eusko Ikaskuntzak eta Bilboko Udalak antolatuta, 1996tik urtero egiten da Bilboren Historiari buruzko Sinposioa. Uriaren eta Euskal Herriaren historiako hainbat atal era monografikoan lantzea izaten da urteroko zeregina, historian sakontzeko eta berau konserbetako.

2016/11/28 - 2016/11/29

Bilboko Bidebarrieta liburutegian

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu