Literaturearen ganean idatzitako testuak liburu baten batu ditu Iban Zalduak
2016-11-24 11:12 Kulturea(Euskal) literaturaren alde (eta kontra) testu kritikoen bildumea da, Zalduak aurreko urteetan idatzi dituanen aukeraketa bat. Elkar argitaletxeagaz atera dau.
Ipuingintzan ibiltzen da sarri Iban Zaldua, baina literaturaz, idazleez eta editoreez gogoetak plazaratu izan ditu lantzean behin. Horreek guztiak bateratu ditu liburu barrian, baina pieza bakotxa idatzi zaneko kontestua galdu barik. Izan be, idazlan bakotxa kokatzeko ohar ugari sartu ditu amaieran.
Prentsan eta interneten argitaratutako idazlanak batu ditu Zalduak liburuan. Orain dala hamar urtetik honakoak dira eta gehienak euskal literaturearen ingurukoak dira, atzerriko beste literatura batzuk aitatzen dituenak be badagozan arren. Guztira, 36 pieza dira.
Izenburutik bertatik hasita, kontraesanak azalera ekartea izan da Iban Zalduaren asmoa. Hau da, batutako gogoeta, manifestu, eretxi eta abarretan, literatureari kritikea egiten deutso, baina, era berean, literaturearen aldeko aldarritzat be jo leiteke liburua, idazleak azaldu dauenez. Testu serioen eta jostagarriagoen bidez, idazlearen kontraesanak agirian itxi nahi izan ditu.
Obabatiko tranbia eta Animalia disekatuak liburuetan egin nahi izan eban legez, (Euskal) literaturaren kontra (eta alde) be bada literaturearen inguruko eztabaidea biztuteko ahalegina, Iban Zalduak berak azaldu dauenez. Batez be, euskal literaturearen gaur egungo egoeran arretea ipinita. Izan be, gure literaturan argi-ilunak dagozala uste dau.
Donostian egindako aurkezpenean, Iban Zalduak liburua bera argitaratzearen kontraesanaz egin dau berba. Batetik, saiakera literarioak ia inork ez dituala irakurtzen dino eta, susmoa dauela, egilea nabarmentzeko baino ez dirala egiten. Ganera, liburu honek ez dakarrela ezer barririk, aurretik idatzitako testuak diralako, eta beraz liburu barri batek bete beharreko lehenengo baldintza apurtzen dauela uste dau.
Ironiaz agertu ditu auzi horreek Zalduak eta aurkezpenerako beren-beregi idatzitako manifestu moduko testu bat be preparau dau. Liburua bera be ironiaz beteta dagoala azpimarratu dau autoreak. Idazle batek baino, irakurle batek idatzitako liburua dala dino, gaur egungo panoramearen aurrean ikuspegi dibertigarria emoteko asmoz.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!