Getxoko XI. Punta Galea Challenge txapelketeak surfeko munduko elitea ekarriko dau herrira

Bizkaie! 2016-11-03 13:58   Kulturea

XI. Punta Galea Challenge-a nazinoarteko telebistetan eta Internet bitartez zuzenean eskainiko da. Azken txapelketea 5 miloe lagun baino gehiagok jarraitu eben telebista bidez eta 1,8 miloek streaming bidez.

Punta Galea Surfeko Olatu Handiaren Munduko Zirkuituaren egoitzea izango da barriro, gaur eskainitako prentsaurrekoan jakitera emon dabenez. Igaz, lehenengo aldiz, lehiaketea bertan behera itxi behar izan eben, horretarako baldintza egokirik sortu ez zalako, baina, halan da be, surfeko muturreko modalidade horretako munduko proben egutegian finkatuta dago. Egun egokia aukeratzeko itxaronaldia 2017ko zezeilaren 28ra arte luzatuko da, olatuek, gitxienez, 6-7 metroko altuerea izan arte.
 
Beraz, Getxon izango da olatu handietako surfeko munduko elitea. Horreen artean, honako honeek nabarmentzen dira: Greg Long (AEB) munduko txapelduna eta Grant Baker hegoafrikarra, 2014ko txapelketan Galeako irabazlea izan zana eta gaur egungo zirkuituko liderra dana. Horreekaz batera izango dira zazpi surflari euskaldun: Jon Garay eta Aritza Saratxaga getxotarrak, Natxo González, Axi Muniain, Indar Unanue, David Bustamante eta Adrián Fernández de Valderrama.

Getxoko alkateak, Imanol Landak, prentsaurrekoan nabarmendu dauenez, probearen beraren eta parajearen ikusgarritasunak ikusmin handia sortarazoten dabe. Aukera parebakoa da Getxo eta Euskadirentzat surfaren munduan oso esanguratsuak diran lekuakaz zirkuitua konpartidutea, besteak beste, Hawaii, Kalifornia eta Mexiko lako lekuakaz, nazinoartean gure irudia zabaldu eta sustatzeko.

Olatu Handien Munduko Zirkuituak (WSL Surfeko Munduko Ligak antolatua tokiko mailan, 3Sesenta aldizkariaren, Getxo Surf Taldearen eta Getxo Kirolak-en laguntzinoagaz) 8 proba hartuko ditu eta bi etapatan banatuko da: hego-hemisferiokoa eta ipar-hemisferiokoa. Lehenengo etapatik Puerto Escondidoko (Mexiko) txapelketea baino ezin izan da egin; txapelketa hori Grant Baker hegoafrikarrak irabazi eban, munduko sailkapenean liderra danak. Orain, ipar-hemisferioko proben txandea da; Europan hitzordu bi baino ez ditu izango, Getxon eta, lehenengo aldiz, Portugaleko Nazaré herrian. Oregón (AEB), Pe´ahi (Hawai) eta Todos los Santosek (Mexiko) osotuko dabe txapelketearen egutegia.

Txapelketearen sustatzaile eta 3Sesenta aldizkariko ordezkari Javier Amezagak gogoratu dau zirkuitu honek bost urte baino ez dituan arren, aparteko indarra hartu dauela surfaren munduan eta, oro har, kirolaren munduan. Orain arte hego hemisferioko proba bakar bat egin ahal izanak agirian ixten ditu era honetako txapelketetarako eskatutako baldintzak, egundoko olatuak egon behar baitira txapelketea egiteko.

Aritza Saratxaga surflari getxotarrak, bestalde, era honetako txapelketa handi batean parte hartzeko bertoko kirolariei eskaintzen jaken aukerea eskertu dau. Munduko surflari onenakaz lehiatu ahal izatea guretzako aukera ikaragarria da. Ahal dogun guztia emongo dogu, onenakaz gogor lehiatuko gara, eta suberte apur bategaz ia saria etxean geratzen dan.


Txapelketeak 20.000$ banatuko ditu eskudirutan

Punta Galea Challenge-aren hamaikagarren aldi hau nazinoarteko telebistetan eta Internet bitartez zuzenean eskainiko da. Azken txapelketea 5 miloe lagun baino gehiagok jarraitu eben telebista bidez eta 1,8 miloek streaming bidez.

Txapelketea Galeatik bertatik jarraitu nahi dabenentzat, igaz bezela, autobus zerbitzu berezia jarriko da, Bidezabalgo metro geltokitik. Igaz harrera oso ona izan eban zerbitzu horrek.
Era berean, itsasoan kirolarien segurtasuna bermatzeko zaintza-jardun berezia egingo da, ontziakaz eta uretako motorrakaz.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu