Historiaurreko eta gaur egungo artea, aurrez aurre Bilboko Rekalde aretoan

Bizkaie! 2016-11-03 08:06   Kulturea

Teknologia barriei esker, bisitariek kobazuloetako artea ikusi ahal izango dabe eta gaur egungo sormenagaz esperimentau. K.o. 2016, Paleolitoa erakusketea urtarrilaren 29ra arte egongo da Bilbon.

Lorea Bilbao (3D betaurrekoakaz) eta beste bisitari batzuk, erakusketea ikusten | Ikusi handiago | Argazki originala

Orain dala 25.000 urteko gizakiaren sorkuntzarako ahalmena erakustea da erakusketearen helburuetako bat, Bizkaiko kultura diputadu Lorea Bilbaok, Txuspo Poyo artisteak eta Juan Carlos López-Quintana eta Diego Garate arkeologoek esan dabenez, Rekalde aretoan egindako inaugurazino ekitaldian. Edozein sasoitan, Historiaurrean zein gaur egun, gizakiak sormenerako gaitasun handia dauela erakutsi nahi dabe.

Horma-arteak garrantzi izugarria dauka nondik gatozen jakiteko, erakusketearen bultzatzaileek dinoenez. Ganera, Bizkaia leku aproposa da Paleolitoko artea aztertzeko. Izan be, azkenaldion egindako aurkikuntzei esker, herrialdeko kobazulo ugaritako margolanak agirian geratu dira. Azken aurkikuntzea Lekeitioko Armintxe kobakoa izan zan. Arkeologo, espeleologo eta erakundeen arteko alkarlanaren ondorioz heldu dira aurrerapen horreek.

Teknologia barriei esker, kobazuloetako ondarea gizarteratzeko pausuak egiten dabilz Bizkaian. Horren erakusgarri da Rekalde aretoan zabaldu dan erakusketea. Kobazuloetako irudiak digitalizetako prozesua erakusten da. Ganera, Bizkaiko hiru kobazulotatik ibilbide birtuala egin leikee bisitariek. Venta Laperra, Arenaza eta Santimamiñeko hormak zehatz-mehatz kopiau ditue eta betaurreko berezi batzuei esker benetakoak balira legez ikusten dira.

Horrezaz gan, Bizkaiko beste sei kobazulotan topautako artelanen erreprodukzino zehatzak ikusi leitekez panel batzuetan. El Rincón, Askondo, Lumentza, Armintxe, Morgota eta Atxurrako arte paleolitikoa jaso dabe hor. 2D eta 3D teknologiak erabili dira. Gaur eguneko arteagaz loturea egiteko, aurrez aurre ikusi leitekez 21. mendeko artisten lanak: Txuspo Poyok, Paco Gramajek eta Alba Corralek parte hartu dabe proiektuan. Denpora historikoaren inguruko gogoetea bultzatzen daben piezak sortu ditue hirurek.

Erakusketeak alderdi bi jorratzen dituala adierazo dau Lorea Bilbaok: Alde zientifikoan zein historikoan egin dan beharra erakutsi gura dogu eta, bestetik, gizakiaren sorkuntza gogorarazoten jaku, gizakiak artearen bidez bere bizipenak azaltzeko eta adierazoteko daukan beharrizana.

Urtarrilaren 29ra arte egongo da K.o. 2016, Paleolitoa erakusketea Bilboko Rekalde aretoan. Eguenetan, 18:00etan, bisitaldi gidatuak egongo dira. Ganera, abenduaren 15ean, 19:00etan, artearen eta sormenaren inguruko mahai-ingurua egingo da aretoan bertan. Historiaurrean katedradun César Gonzálezek, arkeologian doktore Diego Garatek eta Txuspo Poyo artisteak parte hartuko dabe.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu