'Etxetik kanpo: migrazinoak eta kultur ondarea', XVI. Ondareari buruzko Europako Jardunaldiak aurkeztu ditue
2016-09-19 12:57 KultureaAurtengo Ondareari buruzko Europako Jardunaldietan lehenengoz mugak gainditzen dituen jarduerak antolatu dira, dobako 300 jarduera baino gehiago.
Bermeoko Arrantzaleen Museoan egindako ekitaldian, parte-hartzaileen ordezkaritza zabala izan da: Derek Doyle britaniar kontsula; Maria Jose Bilbao, kontsul islandiarra eta Jardunaldietako koordinatzailea dan Ainara Martinez.
Aurkezpeneko ekitaldian, Lorea Bilbao Euskera eta Kulturako foru diputaduak azpimarratu nahi izan dau gure lurraldea gero eta protagonismo handiagoa hartzen dagoala Europako antolatzaileen artean: jardunaldi honeek finkatuta dagoz Bizkaian eta erreferente bilakatu dira Europa mailan erakundeetako eta gizarteko eragileen lankidetzan eta inplikazinoan, Bizkaiko Foru Aldundiak koordinauta. Bilbaok erantsi dau: honezkero 16 urte dira foru erakunde honek Europako Kontseiluak bultzatutako Europako programa honetan parte hartzeko konpromisoari eusten deutsola, Bizkaiko kultur ondarea zabaltzeko lanean, holan ezagutarazo, balorau eta babestu behar dan guztion ondarearen osogai izateko. Ahalegin horregaz bat egiten dau aurten be Europako ekitaldi horren antolakuntzan parte hartu dauen udal, erakunde publiko eta pribatu eta kultur eta auzo alkarte multzoak.
Europako programazino orokorraren barruan, Bizkaiko erakundeen arteko lankidetza-eredu horrek Europako Kontseiluaren interesa piztu dau, eta informazinoa eskatu deutso Foru Aldundiari, gure programeak behar bezelako presentzia izan daian Kontseiluaren web plataforman.
Bizkaiko Foru Aldundiko Arrantzaleen Museoak Euskaldunak Islandian: baleen eta makailaoaren arrantzea izenburuko erakusketea antolatu dau urrirako, Xabier Armendarizen ardurapean. Bertan, euskal arrantzaleek Iparraldeko lurretan bizi izandako esperientzia batzuk erakutsiko deuskuez. Islandiako herritarrakaz izan zituen hartu-emonak, batez be XVII eta XVIII. mendeetan zehar, merkataritzearen ikuspegitik zein giza ikuspegitik. Bat egiteak eta desadostasunak, batzuetan odoltsuak (1615eko sarraskia) konpartidutako historia baten adibideak dira. Hartu-emon horreen inguruko memoria eta kultur nortasuna gaur arte mantendu dira bizirik, hain muturrekoak diran hizkuntzearen edo islandiarren jazkera tradizionalean, besteak beste.
Euskadi-Islandia Alkarteko Magnus Rafnssonek berbaldi bat emongo dau XVII. mendean euskaldunen eta Islandiako ipar-mendebaldeko Strandasyslako biztanleek izan zituen hartu-emonen inguruan. Izenburuak adierazoten dauenez, Euskaldunak eta islandiarrak: lerro artean irakurten berbaldiak zeozer argitu nahi dau bertakoen eta bisitarien artean izandako merkataritzako loturen inguruan eta bitxikeria batzuk ekarriko ditu Islandiako iparraldeko muturrean bakarturik bizi zan komunidade bateko emakume gazteen eta uda batean itsasoz heldutako 85 gizonen arteko hartu-emonez edo hondoratze baten ondoren bertako abeletxeetan zelan hartu zituen hondoratutako txalupako 60 marinelak.
Bestetik, Euskaltzaindiak Euskerearen aztarnak Islandian berbaldia eskainiko dau Ondareari buruzko Europako Jardunaldien aurtengo edizinoaren barruan. Gidor Bilbao izango da hizlaria eta XVII eta XVIII. mendeetan hartu-emonetan ziran komunidade bien artean garatu zan eta bertakoen eta bisitarien arteko komunikazino-bide bilakatu zan hizkuntza erraztu batez, euskara-islandiera pidgina dalakoaz, berba egingo dau. Hizkuntza horrek 745 berba daukaz, eta euskerea, islandierea, frantsesa eta ingeleseko 745 berba gordeten ditu. Hitzaldian pidgin hizkuntzaz idatzitako testuak aztertuko dira eta euskal osogaiak beste hizkuntza batzuetatik eratorritako berbetatik bereizten ahaleginduko da hizlaria.
Berbaldiez gan, bisitak be egingo dira Jardunaldietan. Besteak beste, Kontsulatu Britainiarragaz lankidetzan Jardunaldietan herri mailan Ingelesen hilerria izenagaz ezagutzen dana lehenengoz bisitetako aukerea izango da, koroa britaniarraren jaubetzakoa dan eta Loiu udalerrian kokatuta dagoan 10.000 m2-ko barrendegia. Kanposantua 1926. urtean eratu zan beharrizan bati erantzuteko (katolikoak ez ziran persona ingelesak eta beste nazionalidade batzuetakoak lurperatzea); gaur egungoa XVII. mendean Bilboko Ingelesen zelaian, itsasadarraren ondoan, jarri eben kanposantuaren jaraunslea da, azken mendeetan Britainia Handiaren eta Bizkaiaren arteko lotura sakonen lekukoa izan zana.
Bizkaiak urrian ospatuko dau ondarearen inguruko jaia
Europako Kontseiluaren ekimenez sortutako ekitaldiagaz bat eginez, Foru Aldundiak 16 urte daroaz programa hori koordinetan. Aurtengo hamaseigarren edizinoan, 63 udalek, 17 alkarte eta erakunde ofizialek, 17 museok eta 50 kultur alkarte inguruk hartu dabe parte. Guztien artean, 300 jarduera inguru jasoten dituan programa bat atondu dabe: bisita gidatuak, berbaldiak, erakusketak, lanbide-erakustaldiak, azokak, gastronomia, zinema-proiekzinoak, berregite historikoak, musikea, jantzak, kirola, diasporearen inguruko edo Historiaurretik gaur arteko migrazino eta biztanle-mobimentuen inguruko zientzia-jardunaldiak eta unibersidade-mintegiak...
Antolatzaileen kopuru zabal eta desbardinakaitik, eta jarduera-programearen kalidade eta aniztasunagaitik, jardunaldiak kultur gertaera nagusietako bat bilakatu dira Bizkaiko urteko agendearen barruan.
Barrikuntzen artean, aurten hainbat erakundek hartu dabe parte antolakuntzan: Euskal Herriko Unibersidadea, Unesco Etxea, Bizkaiko Batzar Nagusiak, Euskadiko Agiritegi Historikoa, Foru Agiritegia, Britainia Handiko Kontsulatua, Bilboko Txinatar Institutua. Beste erakunde batzuek aurrera jarraitzen dabe kultura bultzatzeko urteroko konpromisoari eusten, eta aurtengo edizinorako programazino barria eskaini dabe: EHAEO, Euskaltzaindia, Derioko Agiritegi Historikoa, Liburutegia, Bizkaiko hainbat museo eta interpretazino-zentro, eta hainbat eta hainbat udal eta udal zentro.
Ondare-komunidadeak, kultur ondarearen babesa ulertzeko era barria
Bizkaiko Foru Aldundiak bat egin nahi dau, bere ekintza-eremutik, Europako Kontseiluak bultzatu dauen kultur ondarearen inguruko kontzeptu barriagaz. Kultur ondarea kontzeptuak jakitera emon nahi dau kultur ondareagazko konpromisoa gizarte proiektu bat dala, eta proiektu horren barruan herritar guztiek dituela eskubideak eta erantzukizunak, baina baita ahotsa eta erabagiteko ahalmena be, ondarea babesteko lehentasunezkotzat jo behar diran ekintzak zehazteko orduan.
Ondarea ulertzeko era barri baten isla da kultur ondarearen zabalkundean eta hari balioa emoteko jardunean dabizan Bizkaiko hainbat alkarte eta taldek aurtengo edizinoan izango daben zeregina. Azken batean, ondarea batzeko eta bizikidetzarako osogai legez ulertzeko modu bat da. Holan, ondarea guztion eremua edo arloa da, eta fokua personakan jarten da.
Esandako horren adibide legez, auzo-alkarte batzuek (Uribarri, Otxarkoaga, Errekalde...) profesionalen alkarte batzuek (Zazpi Kaleetako Merkatarien Alkartea), kultur alkarte batzuek (Aunia, Industri Ondare eta Herri Laneko Euskal Alkartea, Egizu...) antolatu dituen jarduerak nabarmendu behar dira. Horreek guztiak dira herritarrek konserbau nahi daben hurreko ondare horregazko inplikazinoaren erakusle, ondare hori herritar horreen nortasunaren, egunetik egunerakoaren eta eguneroko paisajearen osogaia dalako.
Ganera, eta aurtengorako hautatutako gaiaren haritik, migratzaile-kolektibo batzuen partaidetzea izango dau jardunaldietan: Bizkaiko industriaren boom dalakoaren garaian etorritako personen kolektiboak eta oraintsuago munduko beste hainbat lekutatik heldu diran edo heltzend agozan personen kolektiboak (Munduko Hiritarrak, errusiar lipovenoak, Mexiko Lindo, Saharako diaspora...). Baita ere Bizkaia urrutiko beste kultura batzuei hurrretuarazoten ahalegintzen diran baina egungo Bizkaian be oihartzuna daben beste batzuk, Bilboko Txinatar Institutua, Kyotoko Lorategiak lako alkarteek antolatutako programea, esaterako.
Jardunaldietan norbanakoek bultzatutako ekarpenak edo ekimenak be jasoko dira, Ramon Oleagaren bilduma pribatuarena, esaterako, kartografia-bilduma interesgarri eta zabal bat ezagutzeko bisitak eskaintzen dituana.
Etxetik kanpo: migrazinoak eta kultur ondarea jardunaldien egitarau osoa hemen.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!