'Eztabaidak literatureagaz' zikloa martitzenean bueltauko da Bilboko Bidebarrieta liburutegira

Bizkaie! 2016-09-16 13:03   Kulturea

Euskal literaturearen eta askatasunaren arteko hartu-emona aztertuko dabe Gotzon Barandiaran eta Jasone Osoro idazleek irailaren 20an, 19:30ean.

Gotzon Barandiaran eta Jasone Osoro | Ikusi handiago | Argazki originala

Literaturearen alorreko figurak solasaldi lasai eta atseginen bidez publikoari hurreratzea da Eztabaidak literatureagaz zikloaren helburu nagusia, Bilboko Udalak azaldu dauenez. Hitzorduak Bidebarrieta liburutegian izaten dira eta nahi daben guztiei zabalik egoten dira. Dobakoak dira saioak.

Udako etenaren ostean, beraz, martitzenean bueltauko da zikloa. Holan, Eztabaidak literatureagaz ekimenaren hamargarren aldiari ekingo jako. Euskal literaturea eta askatasuna izenburupean eta Goizalde Landabaso moderatzaile dala, Gotzon Barandiaran eta Jasone Osoro izango dira berbalagun. Euskeraz izango da solasaldia.

Parte-hartzaile biek eskarmentu luzea daukie literaturearen munduan. Jasone Osoro (Elgoibar, 1971) Informazino Zientzietan lizentziadu zan eta horri esker prentsan eta telebistan lan ugari egin ditu. 1998an argitaratu eban lehenengo narrazino liburua, Tentazioak. Helduentzako, gazteentzako zein umeentzako liburu ugari argitaratu ditu, azkena 12etan bermuta. Euskal Idazleen Alkarteko presidentea da.

Gotzon Barandiaran (Larrabetzu, 1974) egitasmo kultural ugariren bultzatzailea da (Katamalo, Bihotz Bakartien Kluba, Ahotsenea...), idazlea izateaz ganera. 2004an argitaratu eban lehenengo poesia liburua, Arrakalak. Harrezkero, poesian zein prosan idatzi izan dau. 2015ean plazaratutako Gidariaren okerra nobelea da Barandiaranen orain arteko azkena.

2007an martxan ipini zanetik, Eztabaidak literatureagaz zikloan 270 autore inguruk parte hartu dabe. Guztira, aurreko bederatzi edizinoetako saio guztiak kontuan hartuta, 9.500 entzule inguru batu dira Bidebarrietan. Normalean, idazle biren arteko solasaldiak izaten dira, edo idazle baten eta kultur sortzaile baten artekoak.

Saioa streaming bidez ikusi ahal izango da zuzenean (hemen).

2016/09/20 19:30

Bilboko Bidebarrieta liburutegian

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu