Pablo Berasaluzek urriaren 1ean jokatuko dau azkenengo partidua profesionaletan

Dabi Piedra 2016-09-15 12:12   Kulturea

Bilboko Bizkaia pelotalekuan jokatuko dau agurreko neurketea, Mikel Urrutikoetxeagaz, Olaizola-Larunbe aurkari dituala. Berriztarra 18 urtez izan da profesional.

Pablo Berasaluze eta Lorea Bilbao, urriaren 1eko partidurako diseinautako kamisetea erakusten | Ikusi handiago | Argazki originala

Peloteari agur esango deutso Pablo Berasaluzek, Berasaluze II.ak, urriaren 1eko partiduan. Pelota profesionalari, behinik behin. Zaleek, ostera, berriztarrari omenaldia egiteko aprobetxauko dabe hitzordu hori. Izan be, punta-puntako txapelketa ofizialik irabazi ez dauen arren, zaleen pelotari gogokoenetako bat izan da Berasaluze urteotan.

Pablo Berasaluzek joko bizi eta alaia egiten dau, jokalari ausarta da, azaldu dau Lorea Bilbao Bizkaiko Kultura diputaduak, agurreko partiduaren nondik norakoak aurkezteko ekitaldian. Jarrera hori eskertu egiten dau ikusleak. Gaur bertan 39 urte bete ditu berriztarrak eta, halandabe, sasoi onari eusten jakin izan dauela azpimarratu dau Bilbaok.

Goi-goian erretirau nahi izan dot eta lortuko dodala emoten dau, adierazo dau Berasaluzek. Erretiroa hartuko ebala aurreratu ebanetik, makina bat herritan egin deutsez omenaldiak eta, udako txapelketetan be, sasoi betean dagoala erakutsi dau. Nire ibilbideko une politenetako bat da hau, udan frontoi guztietan jentearen kariñua sentidu ahal izan dot.

Lorea Bilbaok gogoratu dauenez, familiatik jatorko pelotarako sena Berasaluzeri. Geure-geureak diran adierazpide kulturaletan, kasu honetan pelotan, transmisinoa egon badagoala erakusten dau Pabloren kasuak, ganeratu dau Kultura diputaduak. Pelotariak gomutara ekarri dau txiki-txikitatik egon dala peloteari lotuta, aitak frontoira eroaten ebanetik. Momentu polit asko euki dodaz, galdutakoan zein irabazitakoan, lagun asko egin dodaz, esan dau Berasaluzek.

1998an debuta egin ebanetik, mila partidu profesional baino gehiago jokatu ditu. Hamaika aldiz jokatu dau binakako txapelketea eta hiru finaletara heldu da. Lehiaketa ofizialik irabazi ez dauen arren, udako feria garrantzitsuenetan txapeldun izan da sarri: San Fermin, Donostia Uria, San Mateo, Bilboko Aste Nagusia... Beti jokatu dau Asegarce enpresearentzat.

Ni onena emoten ahalegindu naz, gogor entrenau naz egunero, jenteak frontoian disfrutau daian, adierazo dau Berasaluzek. Pilotari handi askogaz jokatu ahal izan dauelako pozik dago. Bikote izan dituan atzelarien artean Ruben Beloki aukeratu dau, niretzat gauza handia izan zan Belokigaz jokatzea, txapeldun handia zan orduan. Aurkariei jagokenez, Aimar Olaizola begitandu jako gogorrena, ezagutu dodan pelotaririk handiena da, kostau egin jat beti hari aurre egitea.

Bizkaiko pelotazale eta jokalari gazteentzat erreferentzia izan da Pablo Berasaluze, lortutako garaipenakaitik eta kantxan erakutsitako jarrereagaitik. Mikel Urrutikoetxea txapeldunak, esaterako, Berasaluzeren irakaspenak gogoratu ditu: Nire txapelen zati handi bat Pablori esker izan da. Mikel Larunbek, ostera, berriztarraren eskuzabaltasuna azpimarratu dau, une gatxetan beti laguntzeko prest dagoalako.

Mikel Urrutikoetxea eta Mikel Larunbe, hain zuzen, urriaren 1eko omenaldian izango dira, Pablo Berasaluzeri ahalik eta agurrik onena emoteko asmoz. Aimar Olaizolak osotuko dau laukotea. Bilbon, Urrutikoetxea atzelari jokatzen ikusi ahal izango dabe zaleek, Berasaluzeri laguntzen. Aurrez aurre izango ditue Olaizola eta Larunbe. Jaialdiko lehenengo partiduan, ArretxeII-Imaz eta Victor-Salaverri lehiatuko dira.

Egunotan partidu-omenaldi gehiago be jokatzen dabil Berasaluze, adibidez bihar, hilak 16, Bermeon. Irailaren 25ean, Iurretako pelota eskolearen txandea izango da. Baina azken-azkena, behin betiko agurra, urriaren 1ekoa izango da. Horregaitik, sarrerea erosten daben guztiei kamiseta bana emongo deutsie opari, partidu horretarako beren-beregi egindako diseinua daukana.

Sarrerak hilaren 26an ipiniko ditue salgai Bizkaia pelotalekuko leihatiletan eta, ohiko moduan, Asegarceren webgunean erreserbak egin ahal izango dira. 10 eta 20 euro bitarteko prezioak ipini ditue. Jaialdia arratsaldeko 17:45ean hasiko da. Horren ostean, pelotearen inguruko zereginen baten segidu nahiko leukeela dino Berasaluzek, baina oraindino ez daukala ezer zehaztuta.

Berasaluze, Bilbao, Urrutikoetxea eta Larunbe

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu