Kultur Leioa bueltan da udagoienean egitarau potoloagaz

Bizkaie! 2016-09-13 12:03   Kulturea

Udagoien honetan, Kultur Leioak 23 ikuskizun eskainiko ditu. Helduentzako lau antzerki proposamen eta jantzako hiru, 6 kontzertu Musika Arimagaz eta Musika Gertu zikloen barruan, umeentzako antzerki ikuskizun bi eta familientzako zortzi.

Iraila indartsu dator Kultur Leioan. Hilaren 23an, denporaldia inaugurauko dauen Lapsus, desconcierto acústico kontzertua iragarri dabe, Musika Arimagaz zikloko lehenengoa. Keinua, zuzeneko musika eta poesia, umore dosi handiakaz, publiko guztientzat. Ganera, sorpresak izango dira Kultur Leioaren XII. urteurrenean.

Hilaren 30ean, antzerkia Alberto Sanzolen La respiración lanagaz, Teatro de La Abadía y La Zona-ren eskutik. Tragikomedia magistrala, aparteko testua, lujuzko aktore zerrendea eta energiaz beteriko muntaia oinarri dituana.


Urria

Urriaren 2an, Vuelos familia ikuskizuna Aracalandanza konpainia ospetsuaren eskutik. Bost jantzari hegaz egiteko amesa ikertzen, eta objekturik burutsuenak be protagonista izango dira.

Hilaren 14an), Musika Gertu zikloaren barruan, Talabarte taldea dator, Galiziako hirukotea. Folkaren bitartez, garaikidetasuna eta usadioa buztartzen ditue musika herrikoietan zehar doan bidaian.

Hilaren 15ean, Doos Colectivo konpainiak Anotación nº 7 aurkeztuko deusku, jantza garaikide eta bideoproiekzinoko proposamena, bildurra, mugak eta iraunkortasuna aztertzen dituana.

Hilaren 21ean, Cuaderno en blanco lanaren estreinaldia egingo da Leioan, Hika Teatroa konpainiarena, eta García Lorcaren Bernarda Albaren Etxea izeneko testuan oinarritua. Gatazkea, zirrarea, umorea eta poesia oso modu erakargarrian batzen dituan lana da.

Musika Arimagaz zikloa aurrera doa eta Xabi Aburruzaga Band Kultur Leioara dator urriaren 28an (Auditoriumean, 21:00 h.). Jaialdi ugaritan izan dan trikitiaren munduko erreferentea dogu. Usadioa eta modernidadea loturik, folk garbienetik jazzaren soinuetara doan bidaian.

Hilagaz amaitzeko, 30ean, Iraya Producciones y Voilà Producciones-en A la luna lanagaz gozauko dogu. Antzerkia, mappinga eta marrazki bizidunak buztartzen dituan familia ikuskizuna, istorio magiko, samur eta dibertigarria.


Zemendia

Hilaren 4an, Roberto Oliván-Enclave Arts del Moviment konpainiak Lonely together lanaren estreinaldia ekarriko dau Leioara. Robert Oliván eta Gregory Maqoma hegoafrikarraren arteko elkarrizketa dantzatua, Laurent Delforge musikari belgikarraren zuzeneko musikearen laguntzaz.

Hilaren 11n, Musika Gertu zikloaren barruan, Olé Swing-ek bere lan barria estreinauko dau Euskadin: Sueño gitano, Espainiako musika herrikoiaren eta Frantziako Gipsy Jazzaren arteko fusinoa.

Zemendiaren 13an, familia ikuskizun ederra Marie de Jongh-en eta bere Amour lanaren eskutik, 2016ko Feten saria ikuskizunik onenari, eta 2016ko Ercilla saria euskal produkzinorik onenari.

Hilaren 18an, antzerkia Kultur Leioako konpainia egoiliarra dan Artedrama, Dejabu Panpin Laborategia eta Le Petit Téâtre de Pain-en eskutik. Francoren bilobari gutuna hiru euskal konpainia horreek alkarregaz sortzen daben hirugarren lana da.

Hilaren 19 eta 20an, familiako txikienek gozetako txandea da, Txiki txiki txikia izeneko Umeentzako Arte Eszenikoen Zikloagaz (12:30/18:00). Pontenpie katalanek Loo aurkeztuko dabe, formatu intimista eta poesia bisualekoa. Bere aldetik, La Baracca-Testoni Ragazzi konpainia italiarrak, 40 urteko esperientzia dauenak, Giratondo aurkeztuko dau, mobimentua ardatz dauen lana.

Hilaren 25ean, Musika Arimeagaz zikloko hirugarren kontzertua izango da: Rocío Márquez, oso proposamen personala Pepe Marchena maisuaren inguruan, flamenkoaren munduko handietako bat.


Abendua

Hilaren 2an, Jantza proposamena Guy Nader konpainiaren eskutik. Time takes the times time takes (TTTTTT), jantzari boskotea zuzeneko musikeagaz, alkarrizketa dinamiko eta fisikoa mobimentuaren errepetizinoaren bidez. Kritika bikainak izan ditu eta harrera parebakoa jaialdi desbardinetako publikoaren artean.

Hilaren 16an, La piedra oscura, Alberto Conejeroren harribitxi txikia, Centro Dramático Nacional eta LaZona-k produzidutakoa. Sari asko batu ditu Pablo Massiez zuzentzen dauen eta Daniel Grao eta Nacho Sánchez aktore bikainen interpretazinoak dituan duen lan honek. Lorcaren arimea be testuan igarri daiteke. Oroimena justizia-gune lez jorratzen dauen lana, konponbidearen beharra ardatz dauena.

Abenduaren 23an, Musika Arimeagaz zikloari amaierea emoteko, Travellin’ Brothers taldea nazinoarte mailako artista bategaz izango dogu.

Eta abenduaren 26tik 30era, Gabonetan Antzerkira-Gabonetako Arte Eszenikoen XVII. Erakustaldia, txikienei diziplina anitzeko lan barrien hautaketa bat aurkezteko.

Kontuak kontu, abenduaren 26an, umeen munduan eskarmentu handia dauen Marisa Amor konpainiak Corazón de elefante aurkeztuko dau.

Hilaren 27an, Mastretta-k eskainiko dau Mastretta en familia, umeei musikearen oinarriak modu dibertigarri eta parte-hartzailean erakusteko ikuskizuna, Nacho Mastrettaren eskutik, eskarmentuko musikari eta egilea, Marina Sorin, Luca Frasca eta Coque Santosen laguntzinoagaz.

Hilaren 28an, La Canica Teatro de Títeres-ek Sirenita aurkeztuko dau, 2016ko Fetén saria txotxongilo ikuskizunik onenari.

Hilaren 29an, Nacho Diagok Viaje a la luna dakar, harrituko gaituen magia ikuskizuna.

Eta 30ean, Markeliñek Euria aurkeztuko dau, antzerkia, poesia, umore zertzeladak eta sorpresa bisualak dakarzan antzezlana.


Bestelakoak

Arte eszeniko eta musikako egitarau oso horri erakusketa programa interesgarria batu behar jako: Irailaren 25era arte, Javier Oyarzun eskultore nafarraren Uneak nire jatorrizko faunan bisitau ahal izango da Kultur Leioako erakusketa aretoan. 3Da lotsarik barik erabiliz, eskultore honek errealismo harrigarria lortzen dau.

Urriaren 3tik 23ra, Bosteko 2016 ikusi ahal izango da, erakusketa ibiltari honen hemeretzigarren edizinoa. Irailaren 7an hasi zan, eta gure herrira etorri ondoren, Arrigorriaga, Zornotza eta Getxon egongo da ikusgai.

Urriaren 31tik abenduaren 30era, Kultur Leioako 5. pisuan, Leioako XXVIII. Argazki Lehiaketara aurkeztutako lanen hautaketa baten erakusketea ikusi ahal izango da.

Zemendiaren 10etik abenduaren 11ra, Juan Torreren Ukitzeko Irudiak: argazkiari begiratzeko modu urratzailea, eskuak aurretik jarriz.

Eta urteari amaierea emoteko, abenduaren 17tik urtarrilaren 22ra, Ane Pikaza artista eta ilustratzaile bizkaitarrak Leioako erakusketa aretorako beren-beregi prentsautako erakusketea egingo dau.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu