'Zoria' lemapean egingo da aurten X. Artisten Meeting Pointa
2016-09-13 09:43 KultureaBilboko Okela Sormen Lantegiak X. Artisten Meeting Pointa atondu dau irailaren 22tik urriaren 6ra bitartean.
Okela Sormen Lantegiak X. Artisten Meeting Pointa atondu dau irailaren 22tik urriaren 6ra bitartean, Zoria lemapean. Edegierea Gypsy Jazz Jam sessionagaz batera izango da eta urriaren 6an erakusketea zarratzeagaz batera Usoa Fullaondo, Mikel Ruiz Pejenaute eta Leire Muñoz artisten berbaldiak izango dira arratsaldeko 19:30ean.
Erakusketea zabalik egongo da martitzen, eguazten eta eguenetan arratsaldeko 17:00etatik 20:00etara bitartean.
Usoa Fullaondo (Getxo, 1979)
UPV/EHUko Pintura Saileko doktorea da. Orain, bertako Arteko Gradua eta Ikerketa eta sormena Masterrean klaseak emoten ditu eta Enbidia ikerketa taldeko kidea da. 2001 urtetik gaur egunera arte, irakasle eta artista lez egin dau lan aldi berean, estadu mailan eta atzerrian hainbat erakusketetan parte hartuz. Bilbaoarte Fundazinoa, Kanadako Banff Centre, Eusko Jaurlaritza eta Bizkaiko Foru Aldundiaren sormenerako bekak eskuratu ditu eta Injuve lako arte lehiaketetan sariak jaso be bai.
Usoa Fullaondoren lanak egunerokotasunezko esperientzian dau oinarri. Badira objektu apalak, bat batean bitxiak bihurtzen jakuzanak. Hau, afekzino bat sentiduten dogunean gertatzen da. Gure sentiduteko modua eraldatzen dauen gorputzean emondako efektu lez ulertu daiteke afekzino hau, ingurua atzemoteko, sentiduteko eta aldi berean, testuinguru artistikoan sortzeko aukerea emoten dauelarik. Beraz, errepresentazinotik harago, bertan beti egon dan hari, modu barri batean begiratzean datza sormen prozesua.
Mikel Ruiz Pejenaute (Zumarraga, 1990)
Bilboko Arte Eder Unibersidadean lizentziatua (UPV/EHU, 2008-2013) eta pinturan eta erreproduzino grafikoan hezitua. Ikasketa honeek, keramikako eta grabaduko beste ikastaro batzuekaz bateratu ditu eta Erasmus bekeari esker, 2011-2012an, Florentziako Arte Eder Akademian, hiru esparru horreetan sakontzeko aukerea izan eban. Euskal Herriko Unibersidadean egindako Ikerkuntza eta Sorkuntzako Masterrean (2013-2014), El festin izenburua dauen lan teoriko-praktikoa egin dau; jaiaren kontzeptuaz eta ekintza honetan agertzen diran hainbat elementu erabilita, bere prozesu artistikoagaz izan eikezan parekotasunak bilatzen eta argudiatzen saiatu da. Azken urte honeetan baterako erakusketa desbardinetan parte hartu dau: Bilboko Windsor kulturgintzan, Zarautz-ko Sanz-Enea kultur etxean, Beasaingo Igartza Jauregian, Florentziako Santo Ficara galerian eta Medici Riccardi Jauregian. Oraintsu, Bizkaiko Batzar Nagusietako Erakusketa Aretoan, Matxalen Oñate Esparza artistearen artelanakaz batera egon dira bereak be ikusgai.
Leire Muñoz (Getxo, 1983)
Euskal Herriko Unibersidadean lizentziatua Arte Eder ikasketetan. Botin Fundazinoak antolatuta Lothar Baumgartek emondako tailerrean parte hartu eban, baita Oteizaren inguruko seminarioan be, La crisis de la modernidad izenburukoan, Iruñean. Sormen Beka eta Produkzinorako diru-laguntzinoak jaso izan ditu; BilbaoArte Fundazinoa, Bizkaiko Foru Aldundia eta Kunsthaus Breguenz,Austrian, besteak beste. Bakarkako erakusketen artean aitatzekoak dira No end in-sight Arizeko Torrean, Basaurin; Pabellon Abierto, Zorrozaurren edota Apertura Espacio Abisalek komisariatuta. Erakusketa kolektiboetan, ostera, Art prize Arte Laguna, Veneziako Arsenalean; BilbaoArteko Ate edegiak edota Ertibil Bizkaia erakusketa ibiltaria (2008), Errekalde Aretoan izanik bere abiapuntua.
Okela Sormen Lantegia
Bilboko San Frantzisko kalean kokatuta dagoan sormen, ikerkuntza, esperimentazino eta arte hedapenerako espazioa da. Proiektua aurrera daroen artistak hiru dira: Nora Aurrekoetxea, Izaro Ieregi eta Irati Urrestarazu Zubizarreta.
Espazioa sortu zanetik, makinatxu bat jardunaldi eta ekimen atondu ditue eta horri esker uriko erreferente artistiko bihurtu da.
Lekuko artistei Artisten Meeting Pointa deialdiaren bitartez espazio bat eskaintzea da bere helduru nagusienetariko bat. Holan, era jarraituan proiektuak aurkezten doaz.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!