Guggenheim Bilbao Museoak Sam Taylor-Johnsonen 'Hasperena' (Sigh, 2008) artelana hartuko dau

Bizkaie! 2016-09-12 09:47   Kulturea

Espainian lehenengo aldiz egongo da ikusgai, 2014an zabaldutako Guggenheim Museoko Film & Video aretoan, bideoartea, bideoinstalazinoak eta irudia mobimentuan darabilten lanak erakusteko aretoan.

Juan Ignacio Vidarte, Guggenheim Bilbao Museoko Zuzendari Nagusia eta LucĂ­a Agirre komisarioa | Ikusi handiago | Argazki originala

2016ko irailaren 9tik abenduaren 11ra ikusgai dagoan ikus-entzunezko instalazino hau osotzen daben zortzi pantailak zintzilik dagoz eta bertan emoten da zortzi minutuko musika-lan baten antzezpena. Musika-lan hori berariaz idatzi eban instalazino honetarako Anne Dudley musikagile ezagunak; BBCko Kontzertu Orkestrak jo eban. Argi entzun daiteke soinua, musikagileek tresnarik joten ez daben arren; joteko mobimentuak eta keinuak egiten ditue, besterik barik. Horrek galera sentsazinoa sorrarazoten dau, eta musika-tresna bat jokeran keinuek eta gorputzaren mobimentuek daben garrantzia azpimarratu.

Sam Taylor-Johnson-ek (Londres, 1967) hainbat harralditan grabau eban orkestrea, atalka, ganera; ondorioz, film zati horreek pantailatan banan-banan emokeran, ikusleak orkestrearen erdian dagoalako sentsazinoa dauka. Lanak musika entzutearen eta musikarien eta zuzendariaren irudiak ikustearen arteko loturea nabarmentzen dau, hau da, soinuarena eta irudiena, eta ikuslea tartean sartzen dau, banandutako bi pertzepzino horreen arteko lotunea edo bitartekoa baita.

Taylor-Johnson-en argazki eta bideoinstalazinoek, 1990ko hamarkadatik aurrera, giza emozino gordinenak aztertzen ditue, horreek isolatuz, bakanduz eta zatikatuz, narrazinoa hausiz edo, Hasperena lanean moduan, irudiaren eta soinuaren arteko atzemotea eraldatuz. Soinu-bandea idazteko Anne Dudley egileak Mamuak (Ghosts , 2008) argazki-saila izan eban oinarri; argazki-sail horrek Emily Brönteren Wuthering Heights eleberria dau inspirazino-iturri, bai eta Brönte ahiztak hazitako Yorkshire-ko Haworth mortuak —pasaje hori euren eleberrien beste personaia bat bihurtu zan—. Hasperena lanean, BBCko musikariek joten daben partiturak giza bizitzarik ez daben eremu ezatsegin horreek gogora ekarten ditu; musika-tresnarik barik, keinu naturalak baina, akaso, gehiegizkoak eginez interpretautako obrea da.


Sam Taylor-Johnson

Sam Taylor-Johnson-ek (Londres, 1967) konpartidutako gizarte eta psikologia ingurune eta egoerak aztertzen ditu zama emozional handiko agertokiak dituen argazki eta filmen bidez. Haren lanak izatearen eta iruditearen arteko mugea jorratzen dabe: sarri erretratauta personak —banaka zein taldeka— barruko nia eta kanpoko nia gatazkan egotera eroaten dituen egoeratan ipinten ditu. David Beckham-en film-erretratua egin eban harraldi bakarrean, soinurik barik; astiro-astiro garatzen da eta argazki asko atera deutsiezan personaia ospetsu horren beste erretratuen aldean irudikapen lasaiagoa da. Preludioa airea (Prelude in Air , 2005) lanean, biolontxelo-jotzaile bat filmau eban Bach-en lan bat joten, baina musika-tresnea ezabatu eban; Apurketa (Neska eta eunukoa) [Breach (Girl and Eunuch), 2001] lanean be antzera egin eban: negar batean dagoan neska bat ikusi geinke lurrean jesarrita, baina ezin dogu entzun, negarraren soinua ezabatu egin ebalako. Natura hila (Still Life, 2001) lanean, arin hondatzen dagoz ontzi baten fruituak eta momentu hori sortzen dabe. Joan dan mendea (The Last Century , 2005) lanak persona talde baten irudi estatiko bat emoten dau, baina apurka-apurka jaubetzen gara harraldi bakarreko.

Taylor-Johnson-ek pisuaren eta grabidadearen inguruko hausnarketak egin ditu, Igoera (Ascension, 2003) filman eta Autorretratuak zintzilik I–VIII (Self Portrait Suspended I–VIII ) argazkisailean, besteak beste. Horreetan airean zintzilik irudikatu eban bere burua, antza ezelako euskarririk barik
egoala; idea hori Igesaren artista (Escape Artist, 2008) seriean be erabili eban, heliozko globoetatik zintzilik agertuz. Taylor-Johnson-en lehen film luzea Nowhere Boy (2009) izan zan, John Lennon-en nerabezaroari buruzkoa, 2009ko urrian London Film Festival jaialdian estreinau zana; 2015ean, Fifty Shades of Grey eleberriaren filma zuzendu eban —asko saldu zan liburua eta ikusmin handia sortu eban filmak eta 2017an Netflix-entzako zuzentzen dagoan telesaila, Gypsy, estreinauko da.

Sam Taylor-Johnson-ek askotariko talde-erakusketetan parte hartu dau, besteak beste, Veneziako Bienalean (2007) eta Turner Prize-n (1998). Bakarkako erakusketen artean aitatzekoak dira erakunde honeetan egindakoak: Kunsthalle Zürich (1997); Louisiana Museum of Modern Art, Humlebaek (1997); Hirshhorn Museum and Sculpture Garden, Washington (1999); Reina Sofía Museoa, Madrid (2000); Hayward Gallery Hayward Gallery, Londres (2002); State Russian Museum, San Petersburg (2004); MCA, Mosku (2004); BALTIC, Gateshead (2006); MCA Sydney (2006); MoCA Cleveland (2008); Contemporary Art Museum, Houston (2008); eta Brooklyn Museum, New York (2010). 2011n, Taylor-Johnson Britainiar Inperioaren Ordenean sartu zan (OBE).


Film & Video (103. aretoa)

Film & Video aretoa bideoarteari, bideoinstalazinoari eta irudia mobimentuan darabilten lanei eskainitako gunea da; bertan batzen dira Guggenheim museoetako artelanak, zein nazinoarteko beste bilduma batzuetakoak. Areto honetako programazinoa 2014ko martian hasi zan Christian Marclayren Erlojua (The Clock , 2010) instalazinoagaz; ondoren, barriz, Ragnar Kjartansson artista islandiarrak Bisitariak (The Visitors, 2012) instalazinoa aurkeztu eban; 2014ko urritik 2015eko martira, Rineke Dijkstra-ren The Krazyhouse (Megan, Simon, Nicky, Philip, Dee) Liverpool, UK bideoinstalazinoa ikusteko aukerea izan genduan; urte horretako martitik eta garagarrilera arte, Hariaren ibilbideak (Thread Routes, 2010) deitutako Kimsooja artista kontzeptualaren seriea ikusi ahal izan genduan. Hurrengo artelana, Shahzia Sikander-en Paralajea (Parallax, 2013) izan, 2015eko zemendira arte ikusgai izan zana; ondoren Ezagutzen ez danaren hodeia (The Cloud of the Unknowing) etorri zan, Singapur-eko Ho Tzu Nyen artistearena, abenduaren 3tik 2016ko apirilaren 24ra ikusgai egondakoa. Azkenekoa Eija-Liisa Ahtilaren Deikundea (The Annunciation–Marian Ilmestys ) izan zan, aurtengo maiatzaren 12tik abuztuaren 28ra ikusgai izan zana.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu