Uribe Kosta, Txorierri eta Mungialdeko euskerearen ganeko liburua aurkeztu dabe

Bizkaie! 2016-09-09 12:30   Kulturea

Koldo Zuazo eta Urtzi Goiti Euskal Herriko Unibersidadeko (EHU) irakasleak dira Uribe Kosta, Txorierri eta Mungialdeko euskara liburuaren egileak.

Egileen arabera, Uribe Kosta, Txorierri eta Mungialdea euskerearen ipar-mendebaleko ertzean dagoz, eta horregaitik da hango berbakerea berezia. Danetara, 25 herri dagoz eremu honetan, besteak beste, Getxo, Leioa, Mungia, Derio, Bakio eta Zamudio. Alde batetik, gauza zaharrak gorde dira, eta bestetik, gauza barriak sortu dira.



Liburuak hiru atal nagusi ditu: lehenengoan gramatika egiturea erakusten da; bigarrenean, hiztegia dator eta, hirugarrenean, berbakera horreen egitura dialektala azaltzen da. Hiztegia nahikoa potoloa da: 572 sarrera eta 63 azpisarrera agiri dira.

Egitura dialektalari jagokonez, Uribe Kostako euskerea homogeneoa da. Hamaika herrik osotzen dabe eta tartean dagoz Mungia ondoko Gatika, Laukiz eta Jatabe-Maruri. Leioan, Erandion eta Loiun be antzeko euskerea egiten da. Mungialdean eta Txorierrin ez dago holako batasunik: hizkuntza mailaz maila aldatzen da mendebaletik ekialdera egin ahala. Busturialdearen (Bermeo, Gernika, Zornotza) gertutasuna eta eragina nabari da. Kontu horreek guztiok ikusteko, 41 mapa agertzen dira liburuan.

Ahalik eta irakurle gehienek erabilteko atondu dabe liburua. Hiztegiari eta egitura dialektalari jagokezan atalak edozeinek irakurteko modukoak dira. Lehen atala, gramatikeari jagokona, teknikoagoa da, baina gaia interesetan jakonarentzako zailtasunik bakoa.

Liburuaren egileak Urtzi Goiti eta Koldo Zuazo EHUko irakasleak dira; Leioaztarra da Urtzi Goiti, eskualde honetako hiztuna; Koldo Zuazo eibartarra, barriz, euskaltzaina da, dialektologian aditua eta makinatxu bat lan argitaratu dituana, besteak beste, Euskararen sendabelarrak, Euskara batua: ezina ekinez egina eta Arabako euskara

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu