Bilbo aire zabaleko museo bihurtuko da 'BBK Museo Uria' ekimen kulturalari esker

Bizkaie! 2016-09-09 09:30   Kulturea

Bilboko kale, lorategi eta fatxadetan pintura unibersaleko maisulanak ikusteko aukerea irailaren 15, 16 eta 17an eskainiko da.

BBK Fundazinoaren ekimenez, Museo Uria esku-hartze artistiko bat da, eta bertan pintura unibersaleko maisulan garrantzitsuenetako 12 pieza eta 3 eskultura era ezohiko eta iradokitzailean erakutsiko dira, eskulturen kasuan, 3D teknika aurreratuaren eta proiekzino holografikoaren bidez. Lanen irudi digitaletatik, bereizmen oso handikoetatik, abiatuta, lan bakotxaren hiru dimensinoko espazioaren azterketa personalizatua egin da sakontasun-plano desbardinak sortzeko.

Bilboko kale, plaza eta jauregi desbardinetan ikusi ahal izango dira ondoko lanak: Boticelliren Venusen jaiotzea; Gurutzetik jaistea, Van der Weydenena; Adamen sortzea, Michelangelorena; Orgazko Kondearen ehorzketea, Grecorena; Europaren bahiketea Martin de Vosena; Meninak, Velázquezena; Nicolaes Tulp doktorearen anatomia-ikasgaia, Rembrandtena; Maiatzaren 3a Madrilen, Francisco Goyarena. Garagarrilaren 28a: Askatasuna herriaren gidari, Delacroixena. Nondik gatoz? Nortzuk gara? Nora goaz?, Gauguinena; Arrantzaleen itzulerea, Zubiaurrerena; eta Idilioa sport zelaietan, Aurelio Artetarena.

Pinturak ez eze, eskulturak be izango dira BBK Salan: Samotraciako Garaipena eta Laocoonte eta bere seme-alabak, biak Grezia klasikokoak eta Miguel Angelen David. Benetako eskulturak barik, figura birtualak izango dira, orain arte Espainian sekula erabili bako holograma teknologiaren bitartez eginak.

BBK Salea be arte-ibilbide honen parte izango da eta hiru gauez proiekzino bat egingo da bere fatxadan eta zenbait lan jasoten dituen hologramak barruan: pinturea (Arrantzaleen itzulerea Ramon Zubiaurrerena) eta eskulturea (Samotraziako Garaipena eta Laokoon eta bere semeak Grezia klasikokoak eta David Michelangelorena), okasinorako hautatu dan melodiagaz batera. Sarrerea dobakoa da eta jarleku kopurua mugatua. Ordutegia: irailaren 15ean, eguenean, 21:30etik 00:00etara; hilaren 16an eta 17an, barikua eta zapatua, 18:00etatik 00:00etara.


Bisita gidatuak

Gauero proiekzino guztien dobako 3 bisita gidatu egingo dira, Arriaga antzokitik abiatuta honako ordu honeetan: 21:00etan (gaztelaniaz), 22:00etan (euskaraz) eta 23:00etan (gaztelaniaz). Bisitak Arte Eder Fakultadeko eta EHUko Letren Fakultadeko ikasleek gidatuko ditue 40 laguneko taldetan, gehienez 2 talde izango diralarik txandaka.

Zelan emon izena bisitak egiteko:

– Aurrez aurre, BBK Salan (Kale Nagusia, 19-21) irailaren 9an, 12an eta 13an, 11:00etatik 14:00etara eta 16:30etik 21:00etara.
– Telefonoz (94 405 88 24) edo posta elektronikoz (info@salabbk.es), irailaren 14ko 14:00etara arte.

Kasu guztietan beharrezkoa izango da bisita gidatuetan parte hartu gura dauen bakotxaren izen-abizenak emotea.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu