Burgostik Pasaiarako Gurdi Bidea egingo dau Albaolak, abuztuaren 31n hasita

Bizkaie! 2016-08-30 12:22   Kulturea

Hamazortzi egunez, Burgos, Araba, Nafarroa eta Gipuzkoa zeharkatuko ditue, Albaola Itsas Faktoriara bikea eta alkitrana eroateko. Idiek eroango dabe gurdia.

Idiak materiala garraiatzen (argazkia: Albaola) | Ikusi handiago | Argazki originala

San Juan baleontziaren erreplikea eregiten dabilz Albaolan, Kanadan hondoratu zan euskal ontzi haren historia eta ibilbideak berreskuratzeko asmoz. 16. mendeko ontzia izan zan San Juan eta, erreplikea be, sasoi haretako teknikak erabilita egiten dabilz. Horregaitik, orain dala 500 urteko euskal ontziolek legez, Burgoseko parajeetatik ekarri nahi ditue bikea eta alkitrana, animalien indarra erabilita. Hori da Gurdi Bidea proiektuaren arrazoia.

Antzina euskal kostaldera garraiatzen ziran lehengaiei balioa emotea da Gurdi Bidearen helburua, baita hainbat lurralderen artean egondako hartu-emonak barritzea be. Horregaitik, Albaolak Quintanar de la Sierra herriko Real Cabaña de Carreteros alkartearen laguntzinoa dauka egitasmo honetan. Bideko herri eta eskualdeak alderdi turistikotik bultzatzea be bada ekimenaren helburua.

Hortaz, San Juan ontzirako behar dan materiala gurdietan kargau eta Pasaiarako bidea hartuko dabe abuztuaren 31n, eguaztena. Ibilbidea 18 egunetan egitea aurrikusi dabe, irailaren 17an heltzeko. Azken egunean, Pasaiatik eta Donostiatik osterea egitea da asmoa. Etapa guztien azalpena eta ibilbidea, hemen.

Gurdiei tiraka, idiak ez eze, behi menditarrak be ibiliko dira. Teknologiak aurrera egin ahala, abere horreek gitxiago erabilten dira eta galtzear dagozala ohartarazo dau Albaolak. Horregaitik, Gurdi Bideagaz, espezie horreen egoerearen barri zabaldu nahi da.

Albaolagaz eta Real Cabaña de Carreterosegaz batera, Donostia 2016 uriburu kulturala dago Gurdi Bidearen bultzatzaileen artean. Era berean, lekuan lekuko erakundeek zein kultur alkarteek be lagundu dabe.

 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu