Javier Echeverría Ezpondak irabazi dau Humanidade, Kultura, Arte eta Gizarte Zientziak 2016 Saria
2016-06-03 00:55 KultureaJavier Echeverría Ezpondak irabazi dau dau Euskal Herriko curriculum nabarmenenei emoten jaken Eusko Ikaskuntza — Laboral Kutxa, Humanidade, Kultura, Arte eta Gizarte Zientziak 2016 Saria.
Epaimahaiak saridunaren formakuntza bikotxa, matematika eta filosofian nabarmendu gura izan dabe. Era berean, haren karrera akademikoa eta zientifikoa, haren ondarearen garrantzia −sortu dauen eskolearen bitartez− eta herrialdeko agintariakaz dauen konpromisoaren garrantzia azpimarratu ditu.
Javier Echeverría Ezpondak 37 urteko irakaskuntza ibilbidea dauka, eta horreetan zehar lan handia egin dau Madrilen (CSIC Kontseiluaren Filosofia Institutua sortu eban) eta Euskal Herrian (EHUko Filosofia eta Hezkuntza Zientzien Fakultadea sortu eban). Eskakizun akademiko goreneko ikasketa-erakundeak sortu eta finkatzeko lan egin dauen aitzindaria da. Irakaslea izan dan urteetan zehar bere zuzendaritzapean ibili diran 17 doktoreez osotutako ikastetxe bat sortu dau; ikastetxe horretan, harek erakutsitako estandar akademiko eta erantzukizun-estandar altuei eusten deutsie.
Humanidadeen esparruko mundu osoko erreferentziazko irudia da. Berbaldiak eskaini ditu giza zientzien alorreko biltzar esanguratsuenetan (hemen eta kanpoan), eta oraindino be mueta horretako eginkizunetarako eskakizunak heltzen jakoz. Horrek agirian ixten dau haren diskursoaren kalidadea eta indarra.
Javier Echeverria Ezponda (Iruñean, 1948)
Ikerbasque Zientziaren Euskal Fundazinoko ikertzailea da, eta Ikerketa Zientifikoetako Kontseilu Nagusiko (CSCI) Filosofia Institutuko unibersidade katedraduna (gaur egun, eszedentzian). Honako arlo honeek ikertu ditu batez be: zientziaren eta teknologiaren filosofia; zientziaren etikea; zientziaren, teknologiaren eta gizartearen arteko hartu-emonen azterketea, eta informazino eta komunikazino teknologia barriak.
Azken urteetan argitaratu dituan liburuetatik, ondokoak nabarmentzen dira: Telépolis (1994), Cosmopolitas Domésticos (1995), Los Señores del Aire: Telépolis y el Tercer Entorno (1999), Introducción a la Metodología de la Ciencia: la Filosofía de la Ciencia en el siglo XX (1999), Ciencia y Valores (2002), La revolución tecnocientífica (2003), Gobernar los riesgos: Ciencia y valores en la sociedad del riesgo (J. L. Lujánegaz alkarlanean egindako argitalpena, 2004), Ciencia del bien y el mal (2007), La Luz de la Luciérnaga: Diálogos de Innovación Social (Ander Gurrutxagagaz batera, 2012) eta Entre cavernas: de Platón al cerebro pasando por Internet (2014).
Jakiunde International Academy of the Philosophy of Science erakundeko kidea da, eta Sociedad Española Leibniz alkarteko presidenteorde. Saiakerako Anagrama Saria irabazi eban 1995ean, eta 1997ko Euskadi Ikerketa Saria, Giza eta Gizarte Zientzietan. Espainiako Kultura Ministerioak Saiakerako 2000ko Sari Nazionala emon eutson, Los Señores del Aire lanagaitik.
Iñaki Dorronsoro Eusko Ikaskuntzako lehendakariak, Pello Ugalde Laboral Kutxako lurralde zuzendariak, Jon Zaratek (Euskal Herriko Unibersidadeko errektorearen izenean-, Cristina Iturriozek (Deustuko Unibersidadeko errektorearen izenean), Iciar Astiaranek (Nafarroako Unibersidadeko errektorearen izenean), Ines Olaizolak (Nafarroako Unibersidade Publikoko errektorearen izenean), Jon Altunak (Mondragon Unibersidadeko errektorearen izenean) eta Iñaki Esparzak (UNEDeko errektorearen izenean) osotu dabe epaimahaia.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!