Seigarren nobelea plazaratu dau Pello Lizarraldek, 'Elur bustia'

Bizkaie! 2016-06-03 00:42   Kulturea

Krisi ekonomikoak eraginda, hegoaldera, bere jaioterrira bueltau nahi dauen gizon baten istorioa kontetan dau Lizarralderen lan barriak. Elur bustia (Erein) lanak jaioterriaren eta etxearen ganeko gogoetea egiten dau.

Pello Lizarralde idazlea | Ikusi handiago | Argazki originala

Protagonistearen iragana eta etorkizuna ez dira agiri nobelan, unean bertan egiten eta sentiduten dauena baino ez dau topauko irakurleak. Ramiro izeneko gizon bat da, krisi ekonomikoaren erruz lanpostu barik geratu dana eta, horren eraginez, hegoalderako bidea hasi dauena, familiagaz bat egiteko. Jausten dagoan gizon baten ibilbidea da, Lizarraldek azaldu dauenez, liburua aurkezteko Donostian egindako agerraldian.

Aspaldi atzean itxitako jaioterrira bueltetea, familiagaz eta gaztetako lagunakaz barriro alkartzea, horixe Ramiroren erabagiak dakarren ondorioa. Etxera bueltetako asmo horrek badauka alderdi ona, baina garratza be bai. Hau da, jaioterriko senide eta lagunek eragiten daben atsedenaren parekoa ez ete dan eragiten daben zamea, horra Lizarraldek plazaratzen dauen zalantzea. Babesaren eta kondenearen arpegiak hartzen ditu etxeak nobela honetan.

Jaioterrira bueltetako bide horretan Ramirok bizi dituanak dira nobelearen ardatza. Asmo handiak eta plangintzak albo batera itxi behar izan ditu protagonisteak eta horrek haren alderdi humanoa ezagutzeko aukerea emoten deutso irakurleari.

Elur bustia Pello Lizarralderen seigarren nobelea da, honen aurretik 2012an Orbanak argitaratu eban eta hauxe dau hurrengoa. Lehenago, 2002an, Euskadi Literatura Saria irabazi eban Larrepetit elabarriagaz.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu