El Sol publizidade jaialdiak 1.300 profesional baino gehiago batuko ditu Bilbon

Bizkaie! 2016-06-02 07:38   Kulturea

Gaur, bagilak 2, hasiko da  publizidade iberoamerikarraren hitzordu nagusietako bat dan El Sol jaialdia. Azken hiru urteotan ia bikoxtu egin da bisitarien kopurua eta, beraz, ondo finkatutako hitzordua dala dinoe antolatzaileek.

Iragarkiak eta marketina dira El Soleko ardatza. Aurten, Espainian eta Latinoamerikan egindako 2.180 kanpainak emon dabe izena. Gitxi gorabehera, erdiak Espainiakoak dira eta beste erdia Ameriketakoak: Adibidez, Argentinatik 182 lan aurkeztu dira eta AEBtik 150. Telebista eta zinemarako kanpainak dira gehienak, baina badagoz egunkari eta aldizkarietakoak, kanpoko publizidadea eta beste euskarri batzuk be.

Proiekzinoak eta berbaldiak izango dira El Sol jaialdiaren oinarria. Bertan parte hartzeko izena emon dabe 1.300 profesional eta aditu inguruk. Bestetik, publizidadearen alorrean eskarmentua daukien personakaz hainbat epaimahai osotu ditue, sail bakotxeko saridunak aukeratzeko. Sari ugari egongo dira: Iragarki onena, sortzaile gazteena, komunikazino sareak...

Aurtengo edizinoko mahai-inguru biak gaur izango dira. Lehenengoan, publizidadearen industria sexistea ete dan eztabaidatuko dabe eta, bigarrenean, barrikuntzea izango da ardatza, jantzearen, artearen eta publizidadearen ikuspuntutik. El Solen parte hartuko dabenei ondo etorria emoteko jaia be antolatu dabe eguenean, Guggenheim Museoan.

El Sol jaialdiaren estrategia hiru urtean behin aldatzen da. Hain zuzen, aurtengo edizinoa hiru urteko tarte baten, 201-2016 aldiaren, azken hitzordua da. Aldi honetako hiru jaialdiak Bilbon egin dira eta badirudi hurrengo ekitaldietan be holan izango dala.

Aurten amaituko dan hirurtekoan, % 7,2 egin dau gora jaialdian izena emon daben lanen kopuruak. Latinoamerikatik heldutako lanetan egon da igoerarik nabarmenena. Berbaldietara joaten diranak be gehiago dira orain, aurreko aldiakaz alderatuta.

2017-2019 aldian, Jordi Palomar gaur egungo zuzendariak segiduko dau jaialdia gidatzen. Aldaketa handi batzuk aurrikusi ditue, baina. Esaterako, El Soleko sail guztietan emakumeen presentzia areagotzeko neurriak hartuko ditue eta edukinen egitaraua goitik behera barrituko dabe.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu