Artxandako Funikularrak TripAdvisor 2016ko bikaintasun-agiria lortu dau

Bizkaie! 2016-06-01 13:54   Kulturea

Gaur egun Castaños auzoa eta Artxanda lotzen dituan funikularraren sustatzaileek 1915eko urriaren 3an inaugurau nahi baina azkenean 1915eko urriaren 7an inauguratu eben, 12:20an, garai haretako kroniken arabera.

Artxandako Funikularrak 2016ko bikaintasun-agiria lortu dau. TripAdvisor webgunearen erabiltzaileen aldeko eretxien bidez emoten da agiria. Webgune hori, gehienbat, bidaiarientzat eta turistentzat dago atondua eta erreferentzia da mundu osoan, urtero lau miloe erakunderi buruzko 150 miloetik gora iruzkin eta balorazino jasoten ditualako. Agiri horreek banatzen diran seigarren urtea da aurtengoa.

Bikaintasun-agiri hau argitalpen horreetan oinarritzen da eta turisten eta bidaiarien eretxi onak sarri jasoten dituen lekuei eta establezimenduei emoten jake. Esangura horretan, funikularraren ganean adierazotako eretxi gehienei esker, bikain edo oso ondo kalifikazinoa eskuratu dau goi-mailako kalidadeko zerbitzua eskaintzeagaitik.

Alfonso Gil Alkateorde eta Mobikortasun Politiken, Etxebizitzaren eta Garapen Osasungarriaren koordinatzaileak agiria jaso izana goraipatu eta funikularrak egunetik egunera erabiltzaile gehiago dituala baieztatu dau. Artxanda, duda barik, amu turistikoa da Bilbora bisitan datozenentzat. Horren erakusgarri da funikularrak erabiltzaileen kopuruan azken hamar urteotan izan dauen hazkundea, batez be, 2015etik aurrera, hain zuzen be, mendeurrena bete ebanetik hona; izan be, urte horretan 728.921 bidaiarik erabili eben funikularra. 2016ko lehenengo hileotan be bidaiari-kopuruak gora egiten jarraitu dau.


Ehun urteko funikularra

Gaur egun Castaños auzoa eta Artxanda lotzen dituan funikularraren sustatzaileek 1915eko urriaren 3an inaugurau nahi baina azkenean 1915eko urriaren 7an inauguratu eben, 12:20an, garai haretako kroniken arabera. Alkatea Ricardo Power Zabala zan (izentau barria, Benito Marco Gardoquik dimitidu ondoren); bidaia 7 minutukoa izaten zan eta trenbidea, barriz, metro bateko zabaleraduna.

Gaur egun funikularrak Castaños auzoa eta Artxanda lotzen ditu 3 bat minututan. Astegunetan 07:15etik 22:00etara bitartean dago zerbitzuan. Jaiegunetan, barriz, 08:15etik 22:00etara bitartean eta udan (bagila, garagarrila, abuztua eta iraila) 23:00etara arte dago martxan.

Hamabost minuturik behingo maiztasunagaz dabil baina bidaiarien pilaketak dagozanean, maiztasuna handiagoa izaten da bidaiariek libre itxi deiezan geltokiak.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu