Laudio, Sodupe eta Santurtzi irabazle II. Kultura Ondarea sarietan
2016-05-31 09:11 KultureaLehiaketa honen helburua da Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 3. eta 4. mailetako, Batxilergoko lehen mailako eta erdi-mailako heziketa zikloetako lehen mailako ikasleek EAEko kultura-ondarea ezagutarazoteko egindako bideo onenak saritzea.
Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburu Cristina Uriartek, Kulturako sailburuorde Joxean Muñoz eta Hezkuntzako sailburuorde Arantza Aurrekoetxea lagun, bart arratsaldean emon ditu Kultura Ondarea Sariaren bigarren edizinoko sariak (2015-2016 ikasturtekoak) Bilboko Euskadiko Artxibo Historikoan egin dan ekitaldian. Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak antolatutako lehiaketa honen helburua da Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 3. eta 4. mailetako, Batxilergoko lehen mailako eta erdi-mailako heziketa zikloetako lehen mailako ikasleek EAEko kultura-ondarea ezagutarazoteko egindako bideo onenak saritzea.
Poztekoa da Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak sustatzen dauen lehiaketearen bigarren edizino honetan ikastetxe parte-hartzaileen eta aurkeztutako lanen kopuruak izan daben hazkundea. Lehenengo edizinoaren aldean, % 51 hazi da bideo kopurua, eta % 23 ikastetxe parte-hartzaileena. Danetara, Euskadiko bigarren hezkuntzako 32 zentroko 92 bideo aurkeztu dira.
Kontuak kontu, balorazino-batzordeak honako hiru bideo honeek saritzea (zazpi eguneko bidaia Irlandara) erabagi dau:
- Amama eta ni, Laudio Ikastola, Laudio. Neska gazte baten amamari buruzko kontakizun hunkigarria eta nostalgikoa, gomutak, aholkuak eta mundu-ikuskera berezia jasoten dituana. Belaunaldien arteko desbardintasunak desbardintasun, bideo hau gure aurrekoei eskainitako amodio-adierazpena da, garena eregi dabelako.
- Euskal paisaien jatorria, Kantauri Institutua, Santurtzi. Euskadira heldutako etorkin baten lehen pausuak jarraituko doguz, gure paisajeak, hizkuntzea eta historiako pasarteak ezagutuzeko emongo dituanak. Bizitza-horizonte barria ezagutu dauen etorkinaren historia, lehenago be arrazoi ekonomikoek immigrazinoa eragindako lurretan.
- Historiaren kutxa, Avellaneda Ikastetxea, Sodupe. Enkarterriko historia irudikatuko da, bertako indiano-etxe ederren eta monumentuen bitartez.
Balorazino Batzordea honako kideek osotu dabe: Imanol Agote, Eusko Jaurlaritzako Kultura Ondarearen zuzendaria; Agustin Azkarate, EHUko Arkeologiako katedratikoa; Francisco Etxeberria, Aranzadi Zientzia Elkarteko kidea; Luis Manuel Martin, EITBko Sustapen eta Irudiko zuzendaria (EITBko zuzendari nagusi Maite Iturberen izenean); Jasone Aldekoa, Hezkuntzea Barriztatzeko Zuzendaritzako aholkularia (Hezkuntza Barriztatzeko zuzendari Begoña Garamendiren izenean); eta Amaia Goikoetxea, Eusko Jaurlaritzako Kultura Ondarearen Zuzendaritzako teknikaria.
7 egun Irlandan
Saria jasotako lantaldeen tutoreek eta taldekideek 7 eguneko bidaia egingo dabe Irlandara, leku eta kultura-adierazpide adierazgarrienak ezagutzeko.
Hiru euskal ikasle-taldeek eta irakasleek bertako gidari bikaina izango dabe, Paddy Woodworth kazetari eta idazlea. Herrialdeko historia eta errealidadea ezagutu eta Irlandako kulturako, hezkuntzako, gizarte-arloko eta gazteria-arloko kolektiboakaz hainbat jarduera izango ditue.
Kultura Ondarea saria
Kultura Ondarea saria EAEko kultura-ondarearen ganeko gazte-ikuspegiari zuzenduta dago. Ikasturte honetan, parte-hartzaileek 3 eta 10 minutu arteko bideoak egin ditue, kultura-ondare materialaren edo immaterialaren ganeko ikuspegia agertzeko. Ondarearen kontzeptua esangurarik zabalenean hartu behar eben. Ikasleek eurek hautatutako gaiari buruzko kontakizuna osotu behar izan dabe ikus-entzunezko teknikak erabiliz, taldean lan eginez eta ikuspegi barritzailea eskainiz.
Ekimen honen helburuetarik bat da EAEko kultura-ondareari buruzko sentsibilizazinoa zabaltzea gizarteko esparru guztietan, batez be hezkuntzan eta gazteen artean.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!