Euskal kulturearen inguruko ekitaldiak, Washingtongo Smithsonian Folklife jaialdian

Bizkaie! 2016-05-31 01:55   Kulturea

Urtero Estadu Batuetako uriburuan egiten dan jaialdi handia da Smithsonian Folklife eta, aurten, euskal kulturea izango da gonbidatu nagusia. Bagilaren 29tik garagarrilaren 10era, Euskal Herriko ohiturak, bizimodua eta ezaugarriak erakusteko jarduera ugari antolatu dira.

Erakunde publikoetako ordezkariak, Smithsonian Folklife jaialdiko kartelari begira | Ikusi handiago | Argazki originala

Washington uriburuaren erdigunean, Obelisko ospetsuaren gerizpean, antolatuko dabe Smithsonian Folklife, 12.000 metro koadroko eremu baten. Urtero, miloe bat bisitari inguru joaten dira jaialdi horretara eta horrek kulturearen inguruko topaleku garrantzitsuenetako bat bihurtzen dau mundu guztian.

Eusko Jaurlaritzeak eta Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako foru aldundiek bat eginda preparau dabe Washingtongo egitaraua. Euskal Herriaren eta Estadu Batuen arteko zubia eregiteko lehenengo urratsa dala dinoe erakundeok. Euskal Herriko kulturea, gastronomia eta enpresak Ameriketan ezagutzera emoteko bidea da Smithsonian Folk, bertoko agintarien ustez.

Euskal Herria kontraste handiko eskualdea dala azalduko dabe Estadu Batuetan. Harri-jasotzaileak eta Iberdrola torrea herrialde bereko ezaugarriak dira, bertso saio tradizionalak eta fusino musikal barritzaileenak be bai. Azokearen egun bakotxean, gai bat landuko dabe. Esaterako, lehenengo eguna, bagilaren 29a, San Pedro eguna izango da, egutegiak be holantxe adierazoten dau eta.

Euskal ordezkaritzeak antolatutako jarduerek jaialdiaren eremuaren zati handi bat hartuko dau. Hainbat ataletan banatuko dabe: Portua, baserria, ostatua, frontoia, lantegia eta euskaltegia. Euskal Herriko ekimen kultural ugari ezagutzeko aukerea eukiko dabe bisitariek gune bakotxean, baita euskeraz apur bat ikastekoa be.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu