Ondalan konparsearen 20. urteurrenean, 69 erraldoi batuko dira Bilbon

Dabi Piedra 2016-05-30 12:27   Kulturea

Bagilaren 4an, San Inazion ospatuko dau 20. urteurrena Ondalan erraldoien konparseak. Kalejiran, Euskal Herriko hainbat lekutatik etorritako 69 erraldoik parte hartuko dabe eta, beraz, era horretako figuren inozko bilkurarik handiena izango da Bizkaian. Ganera, egitarau zabala preparau dabe egun horretarako.

Ondalan konparsakoak ez eze, Arrasate, Donostia, Kanbo, Getxo, Santurtzi, Areatza, Bermeo, Bilbo eta Iruñeko erraldoiak egongo dira kalejiran. Zati bitan egingo dabe ibilbidea: batzuek Deustua auzoan Ondalanek daukan egoitzearen atzealdetik urtengo dabe, goizeko 10:30etan. Besteek, goizeko 11:00etan Ibarrekolandatik. Bat egingo dabe 69 erraldoiek San Inazion, ospakizun giroan.

Erraldoi bakotxaren jantzak banan-bana ikusteko aukerea egongo da lehenik eta behin, Pedro Astigarraga plazan. Ondoren, Levante plazan, taldeka egingo ditue jantzak. Bizkaian errekorra izango da 69 erraldoi batzea. Aurreko markea, Ondalanen 10. urteurrenean ipini eben, 56 erraldoigaz.

Behin Levante plazan danak alkartuta, bazkaria, erromeria eta larrain jantzea egongo dira. Aiko taldeak parte hartuko dau. Ganera, umeentzako tailerrak antolatu ditue. Biharamunean, hilak 5, barriro egingo ditue ume eta gaztetxuentzako tailerrak.

Ondalan konparseak ekitaldi handi bategaz ospatu nahi dau 20. urteurrena. Hamarkada biotan konparsan ibili diran guztiakaz eta lagun izan dituen ganerako konparsakaz ospatuko urteurrena. Harrobi lana izan da konparsearen ardatzetako bat eta hori be kontuan euki dabe egitaraua preparetako orduan. Ondalanekoek dinoe, 1996tik hona, asko ugaritu dirala erraldoiak Bizkaian.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu