Deustuko zubian interbentzino artistikoak egiteko deialdia zabaldu dau EHUk
2016-05-30 10:23 KultureaZubia altzetako makinaria gordeten dan etxolan, proiektu artistikoak proponidu ahal izango ditue EHUko Arte Eder Fakultadeko ikasleek eta doktoregaiek. Bagilaren 12ra arteko epea daukie lehiaketara aurkezteko eta proposamenik onenak hilebetez egongo dira ikusgai.
Deustuko zubia ondare arkitektoniko babestua da eta, beraz, aurkezten diran proiektuek errespetau egin beharko dabe etxolearen egiturea eta, behin interbentzinoa amaituta, material artistikoa kalterik sortu barik kentzekoa izango da. Ganera, etxolan ezin danez jentea sartu, interbentzino artistikoa kanpotik ikusteko modukoa izango da.
Horreek baldintza nagusi biak beteten dituen proposamen artistikoak bagilaren 12ra arte aurkeztu ahal izango dira. EHUren Arte Eder Fakultadeko graduko, masterreko zein doktoretzako ikasleek parte hartu ahal izango dabe lehiaketan. Hautagaiek zubiko etxolea bisitetako aukerea eukiko dabe bagilaren 6an, instalazinoaren kokapen zehatza ezagutu daien.
EHUk aukeratutako epaimahaiak hiru edo lau interbentzino aukeratuko dira eta bakotxa hilebetez egongo da zubian ikusgai. Irabazle bakotxari 200 euroko saria emongo jako eta beste 300 euro instalazinoa ipinteko.
Hurrengo hileetan, beraz, Deustuko zubi ezagunetik pasetan diranek artista gazteen proposamen artistikoak ikusteko aukerea eukiko dabe. Aurreko urteetan be egin izan da lehiaketea eta, holan, makina bat artistak euren sormena erakutsi ahal izan dabe. Orain arteko interbentzino artistiko guztiak, hemen ikusi leitekez.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!