Zubi egitasmoa abian euskerazko antzerkigintzea sustatzeko
2012-06-21 15:28 KultureaEgitasmoa bultzatu daben eragileak dira Luhusoko Harri Xuri Karrikako arteen fabrika (Lapurdi), Donazaharreko Herri Antzokia (Nafarroa Beherea), Durangoko San Agustin Kultur Gunea (Bizkaia), Leioako Kultur Leioa (Bizkaia), Zornotzako Ametx Zornotza Aretoa (Bizkaia), Elorrioko Arriola Aretoa (Bizkaia) eta Aulestiko Artedrama Euskal Laborategia (Bizkaia).
Euskal antzerkigintza bultzatzeko eta konpainien eta programatzaileen arteko zubi lana egiteko asmoz sortu dabe Zubi egitasmoa, Euskal antzerkiaren sorkuntza barriari laguntzen lelopean. Hego eta Ipar Euskal Herriko zazpi eragile dagoz tartean eta atzo goizean aurkeztu eben Durangon. Egitasmoa bultzatu daben eragileak dira Luhusoko Harri Xuri Karrikako arteen fabrika (Lapurdi), Donazaharreko Herri Antzokia (Nafarroa Beherea), Durangoko San Agustin Kultur Gunea (Bizkaia), Leioako Kultur Leioa (Bizkaia), Zornotzako Ametx Zornotza Aretoa (Bizkaia), Elorrioko Arriola Aretoa (Bizkaia) eta Aulestiko Artedrama Euskal Laborategia (Bizkaia).
Filgi Claverie Harri Xuri Karrikako arteen fabrikako zuzendariak azaldu dauenez, urtebeteko gogoeta fasearen ostean, euskal antzerkiaren egungo egoerea nahikoa txarra dala ikusi da eta, esangura horretan, euskerazko lanen produkzinoak sustatzeko tresna barria sortu dabe, Zubi, hain zuzen be. Urtero lan bat saritzeko asmoa dago eta lehenengoa 2013an izango da. Deialdia antzerki proiektu barri bat dauen edozeinentzako da; antzerki konpainiek irailaren 14ra arteko epea izango dabe euren proiektuak aurkezteko. Zubi proiektuak alde desbardinetan emongo dau laguntzinoa. Alde batetik, baliabide ekonomikoak jarriko ditu, eta bestalde sorkuntzarako errezidentziak, hau da, gitxienez bi asteko egonaldiak izan beharko dira, Harri-Xurin, Baxe Nafarroan, Elorrion, Zornotzan, Durangon, eta Leioan izango dira. Bestalde, emonaldiak proiektuan parte hartu daben sei antzokietan izango dira eta jaialdia, barriz, Aulestin.
Antzezlan irabazlea proiektua bultzatzen daben zazpi kideek osotutako hautaketa batzordeak hautatuko dau. Oro har, bost erispide nagusi izango ditue lanak aukeratzeko. Lehenengo eta behin, lanon barritasuna eta zorroztasuna, izan be, ideia barriak ez eze, sortzaile barrien proiektuak be bultzatuko ditue. Bigarrenik, euskerazko testuak sarituko ditue, edo testurik bako lanak bestela. Nahitaezkoa da proiektu abiatu barriak izatea. Horrezaz gan, formatu txikiko eta ertaineko lanak hobetsiko ditue, bideragarriagoak diralako, aretoen baldintzetara moldatzeko aukera zabalagoa dabelako. Azkenik, lanak publiko askorentzat izatea be aintzat hartuko da. Antzerkiko testuek gitxieneko eduki batzuk jorratu beharko ditue proiektuaren zirriborroan. Danek ideia nagusia azaldu beharko dabe, testua edo testuaren zirriborroa aurkeztu, formatuaren azalpena emon, eta aurrekontua eta egutegia zehaztu.
Eskaerak egiteko bidea honako hau izango da: mezu elektroniko baten bidez dokumentazinoa bialdu behar da. Kontaktuak: info@artedrama.com edota http://harrixuri.blogspot.fr/
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!