X. Zirkuituak 8 konpainiaren beste horrenbeste lan dakarz martira bitartean

Bizkaie! 2010-02-17 10:41   Kulturea

Zirkuituak aukerea eskaintzen deutse sortzaile eta antzerki eta jantza talde barriei, euren lanak eszenaratu eta jentaurrean aurkez daiezan. Gure uriko hainbat barrutitan, Bilbon sortutako azken proposamen freskoenak ikusteko gune ezin hobea da.

Arte eszenikoen alorrean bertoko taldeen jarduerea bultzatu nahi dauen Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailaren ekimenak urteko lehen faseari ekingo deutso zezeilaren 17an, martiaren 25era bitartean luzatuko dan programearen bitartez.

Danetara, hurrengo bi hilebeteetan, zortzi antzerki muntaia aurkeztuko ditue bertoko beste horrenbeste taldek. Emonaldiak Otxarkoagako, Begoñako eta San Frantziskoko udaltegietan, Iturrigorri — Peñaskaleko Herri Ikastetxean eta Solokoetxeko Institutuko Ekitaldi Aretoan eskainiko dira. Aurreko edizinoetan legez, emonaldiak zezeileko eta martiko eguaztenetan edo eguenetan izango dira, arratsaldeko 19:30etatik aurrera, eta sarrerea librea izango da, leku guztiak bete arte.

Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailak eta Baliabide Eszenikoen BilbaoEszena Zentroak antolatuta, Zirkuituak aukerea eskaintzen deutse sortzaile eta antzerki eta jantza talde barriei, euren lanak eszenaratu eta jentaurrean aurkez daiezan. Gure uriko hainbat barrutitan, Bilbon sortutako azken proposamen freskoenak ikusteko gune ezin hobea da. Ekimenak harrera beroa izaten dau urtero-urtero jarduera horretan parte hartzen daben ikusleen aldetik. Holan, azken edizinoan, 2.000 lagun baino gehiago hurreratu ziran emonaldietara.

Zirkuituaren hamargarren edizino honetan eszenatokira igoko diran konpainiei jagokenez, zerrendak honako honeek batzen ditu: El Beso Teatro eta Burbujas (biak bina emonaldigaz), Atakados, Periplo, Totum, Justi Larrinaga, Luna Llena eta Apurka. Azken horrek 'Han izanik, hona izan' euskerazko muntaia aurkeztuko deusku.

Gure uriko antzerki taldeek idatzitako eta antzeztutako istorioakaz batera, programeak aukerea emoten deusku Joseba Sarrionaindiaren ipuinen egokitzapen lanaz edo August Strindberg dramaturgo suediarraren antzerki intimoaz gozetako. Emakumeei buruzko istorioak, umorez kontautako misterioa edo biziari eta heriotzeari buruzko gogoetak dira bi hilebete honeetan ikusi ahal izango doguzan lanen gaietako batzuk.

Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura Sailaren laguntzinoa daukan egitarau hau genero horretako ekimen bakarra da Euskadi osoan. Gure uriko antzerki taldeei euren lanak aurkezteko aukerea eskaintzeaz gan, Bilboren kultur eskaintza deszentralizetan be laguntzen dau, izan be, Bilboko hainbat barrutitan eskaintzen baita urte osoan.

Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailak argiztapen eta soinu zerbitzu teknikoa eta publizidadea eskaintzen deutse konpainiei, baita konpentsazino ekonomiko bat be. Ikusleei jagokenez, doban sartu ahal izango dira, konbidapenagaz. Programazinoan formatu txikiko lanak eskaintzen dira, gaztelaniaz eta euskeraz, eta lanen edukiak mota guztietakoak dira, izan be, bertara joaten diran ikusleak be heterogeneoak eta mota guztietakoak baitira.


X. Zirkuitua. 2010eko zezeila-martia

- Zezeilak 17: 'Conviviendo con el caos' (El Beso Teatro konpainia) Solokoetxeko institutuan.
- Zezeilak 18: 'Nunca nos regalaron flores' (Burbujas konpainia) Otxarkoagako Udaltegian.
- Zezeilak 24: 'Incontinencia verbal' (Atakados konpainia) Begoñako Udaltegian.
- Zezeilak 25: 'Conviviendo con el caos' (El Beso Teatro konpainia) Iturrigorri — Peñaskaleko Herri Ikastetxean.
- Martiak 3: 'Han izanik, hona izan' (Apurka Antzerki Taldea konpainia) San Frantziskoko Udaltegian. Euskeraz.
- Martiak 10: 'Morir (o no)' (Periplo konpainia) Begoñako Udaltegian.
- Martiak 11: 'Nunca nos regalaron flores' (Burbujas konpainia) Iturrigorri — Peñaskaleko Herri Ikastetxean.
- Martiak 17: 'A última hora' (Totum konpainia) Solokoetxeko institutuko Ekitaldi Aretoan.
- Martiak 18: 'La más fuerte' (Justi Larrinaga konpainia) Otxarkoagako Udaltegian.
- Martiak 25: 'Cuerpos de barro' (Luna Llena konpainia) San Frantziskoko Udaltegian.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu