Jantzan ikasteko tailerrak eskainiko ditu Dantzaldi Ibiltariak

Bizkaie! 2009-09-08 15:56   Kulturea

Euskal musika-ondarea erabarritzen diharduen Aiko euskal jantza taldeak eskainitako 'Dantzaldi Ibiltaria' ekimenaren bigarren edizinoa ikasturte barriagaz bat hasiko da. Bizkaiko hainbat herritan izandako tailer ibiltarien lehenengo edizino arrakastatsuaren ondoren, taldeak sei ikastaro finko antolatu ditu aurtengo ikasturterako.

Euskal musika-ondarea erabarritzen diharduen Aiko euskal jantza taldeak eskainitako 'Dantzaldi Ibiltaria' ekimenaren bigarren edizinoa ikasturte barriagaz bat hasiko da. Bizkaiko hainbat herritan izandako tailer ibiltarien lehenengo edizino arrakastatsuaren ondoren, taldeak sei ikastaro finko antolatu ditu aurtengo ikasturterako. Ekimenaren aurkezpena gaur egin dabe Bilbon eta bertan izan dira Aiko taldeko kide diran Larraitz Artetxe, Sabin Bikandi eta Asier Garcia, BBK-ko ordezkari Gorka Martinezegaz. Erandio, Areatza, Gernika eta Sopelanako udalek be antolakuntzean parte hartu dabe.

Urrian hasi eta 2010eko bagilera bitartean, jantzan ikasi edota estiloa zorroztu gura dabenek tailerretan parte hartzeko aukerea izango dabe Erandion astelehenetan; Durangon martitzenetan; Areatzan eta Sopelanan eguaztenetan; eta Gernikan eta Sodupen eguenetan. Pasodoblea, balsa, polkea, jotea, porrusaldea eta beste hainbat jantza-mueta ikasteko eskolak ordu eta erdikoak izango dira, arratsaldez, eta matrikulearen prezioa 90 eurokoa izango da. Izena www.aikotaldea.com webgunearen bitartez, 646 336 147 telefonora deituta edota, irailaren 15etik 24ra bitartean, ikastaroak eskainiko diran herrietan antolatuko diren dobako aurkezpen-tailerretan emon ahal izango da.

Ikastaroaz ganera, Aikok erromeria tradizionala egingo dau hilebetero Durangoko Plateruena Kafe Antzokian. Herri giroko jantzaldi horreek (zapatuetan egingo dira, 19:00etan, Durangoko Plateruena Kafe Antzokian) irailaren 19rako, urriaren 24rako, zemendiaren 14rako, abenduaren 19rako (herri bazkaria barne), urtarrilaren 9rako, zezeilaren 13rako, martiaren 13rako, apirilaren 10erako, maiatzaren 8rako eta bagilaren 19rako programau ditue. Azken jardunaldi horretan, ganera, ‘Dantzaldi Ibiltari Eguna'-ren bigarren edizinoa egingo da.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu