Michael Golden, Paco Roca eta Victoria Frances egileak Getxoko Komiki Azokan protagonista

Bizkaie! 2008-11-06 14:47   Kulturea

Getxoko VII. Komiki Azokea zemendiaren 28tik 30era izango da eta aurten Michael Golden, Paco Roca eta Victoria Francés egileak parte hartuko dabe, besteak beste. Horreez gan, Carlos Giménez (egile horri eta Ipurbeltz aldizkariari omenaldia egingo jake) eta Víctor Santos, aurtengo azokearen kartelaren egilea, be egongo dira Getxon.

Getxoko VII. Komiki Azokea zemendiaren 28tik 30era izango da Areetako eta Erromoko Auzoetan eta aurten Michael Golden, Paco Roca eta Victoria Francés egileak parte hartuko dabe, besteak beste. Horreez gan, Carlos Giménez (egile horri eta Ipurbeltz aldizkariari omenaldia egingo jake) eta Víctor Santos, aurtengo azokearen kartelaren egilea, be egongo dira Getxon. Hurrengo egunetan egile gehiago gehituko jakez horreei.

Michael Goldenen jarduera profesionala 1976an hasi zan. Edgar Allan Poeren 'Putzua eta pendulua' istorioaren moldaketea izan zan bere estreinaldiko lana. Bere estiloa eta sentsazinoak eta giroak islatzeko erraztasuna Marvel argitaletxea erakarri eban eta 'The Micronauts' seriearen enkargua egin eutsen. Horretan Bill Mantlo gidoilariagaz ibili zan alkarlanean eta bere estiloaren ezaugarri nagusiak ezin hobeto itxi zituan agirian: estilo plastikoa eta personala, giroak sortzeko erraztasuna eta istorioak kontetako trebetasun handia, hain zuen be. Horri guztiari esker, zintzia-fikzino komiki ospetsuenetariko bat bilakatu zan bolada horretan.

Beste zenbait serietan aldi baterako jardun ondoren, The Nam komikian egin eban lan. Serie horretan Vietnameko gerre islatu eban beterano baten ikuspegitik. Goldenek bere estiloa aldatu eban eta karikaturak erabili zituan istorioen izugarrikeria gailentzeko. The Nam itxi eta gero beste zenbait serietan lan egin eban Marvel eta DC argitaletxeentzat, 'Bucky O'Hare' eleberri grafikoa marraztu eban eta hainbat komikiren azalak egin ditu. Nahiz eta bere produkzinoa Amerikako merkaturako handia ez izan, Goldenen lanak eragin handia izan dau ondorengo belaunaldietan.

Victoria Francés (Valentzia, 1982) ilustratzaile gazteak arrakasta handia lortu eban bere lehenengo lanagaz: 'Favole' (2004), hain zuzen be. Lan horretan nabaria da genero gotikoak, sinbolismoak eta magiak berarengan eragiten dauen erakarpena eta Goetheren, Poeren, Baudelaireren eta Bram Stokerren literaturearen eragina. Igaz 'El corazón de Arlene' liburua kaleratu eban eta horretan fantasia mundu bat erakusten dau. Marrazkietan mundu magiko eta oniriko baten ilusinoa eta egungo errealidade soziala eta kaotikoa buztartzen ditu. Gaur egun Francés zenbait estilo eta gaigaz esperimentetan dabil.

Azkenik, Paco Roca (Valentzia, 1969) merkatu europarreko artista espainiar ospetsuenetariko bat da. 'Gog' (2000), 'El juego lúgubre' (2001) eta 'Hijos de la Alambra' albumak marraztu ditu, besteak beste. 2004an 'El faro' kaleratu eban eta Tenerifeko Diario de Avisos sari famatua eskuratu eban Gidoilari Onenaren mailan. Igaz 'Arrugas' albuma egin eban, Alzheimer gaixotasunaren inguruko lana eta kritika ezin hobeak jaso zituan. Orain dala gitxi Gran Guinigui saria emon deutse Luccako (Italia) Nazinoarteko Komiki Jaialdian, 'Istorio luze onena'-ren mailan. Ospe handiko saria da hori, Europako zaharrenetako bat da eta. Horrezaz gan, 'Arrugas'-ek beste sari batzuk be eskuratu ditu. Horreen artean 2008ko Bartzelonako Komiki Azokan Aurtengo Lan Onenari eta Gidoi Onenari emondako sariak lortu ditu Rocak. Gaur egun 'Las calles de arena' albumean ari da lanean, Frantziako merkaturako preparetan dabilen lana, hain zuzen be.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu