Bilbo argazkigintzearen uriburu Bilboargazki’08 ekimenari esker
2008-11-06 13:15 KultureaEuskal Herriko Argazkilari Alkarteen Federakundeak antolatuta Bizkaiko uriburuak Bilboargazki hartuko dau, BBKren babesaz eta Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailaren lankidetzaz. Zemendiaren 1etik abenduaren 11ra bitartean, sei argazki erakusketa, strobist topaketa bat, bi tailer eta bi berbaldi jasoko ditu Bilbok.
Strobist mobimentuak izango dau protagonismoa aurtengo edizinoan, XXI.mendeko argazkilaritzan flash txikien erabilerea bultzatzen dauen estiloa.
Gainera, A propósito de bildumako lehen liburuaren aurkezpena egingo da, sei hilero euskal argazkilari ospetsuenen lanak argitara emongo dituana.
Bizkaiko uriburuan aurrekaririk ez dauen kultur eskaintza hau osotuz, Bilboko Itsasadarrari buruzko lan argitarabako bat, loreen testurari buruzko beste lan bat eta euskal argazkigintza alkarteen artxiboko irudien lehen erakusketea eskainiko dira.
Euskal Herriko Argazkilari Alkarteen Federakundeak antolatuta Bizkaiko uriburuak Bilboargazki edizino barria ospatuko dau, BBKren babesaz eta Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailaren lankidetzaz. Zemendiaren 1etik abenduaren 11ra bitartean, sei argazki erakusketa, ‘strobist’ topaketa bat, bi tailer eta bi berbaldi jasoko ditu Bilbok egitarau honetan. Ekitaldiak uriko eskenatoki desbardinetan ospatuko dira, besteak beste, erakusketa geletan, Kasilda Anderearen Parkean, Udaltegietan, kafetegietan edo eta Bizkaiko uriburuko zenbait hoteletan.
Erakusketak
Korronte artistiko desbardinak jasoten dituen sei erakusketa antolatu dira. Zabaltze egunean, Benito Cantero eta Strobist lagin bat zabalduko da. Benito Cantero argazkilari gipuzkoarrak, Indautxu Hotelean Naturako eta mendiko paisaiak izenburuko argazkiak jarriko ditu ikusgai zemendiaren 15erarte. Zemendiaren 30era arte, barriz, Strobist mobimentuaren oinarriei buruzkoa izango da ikusgai Iruña Kafetegian, bilbotarrek 2006an San Frantziskoko argazkilari batek sortutako estiloa eta argazkigintzako azken korronte abanguardista dana ezagutzeko aukerea izanez.
Martitzenean, hilaren 4an eta abenduaren 1era arte, Munduko Espazioak (Simon Bolivar eta Lutxana kaleetan dagozan 'La Taberna de los Mundos' frankizietan) bere ateak zabalduko ditue Atlantikoaren bestaldeko abangoardia artistikoei Argentinako Argazkilaritza Federakundeagaz.
Hilaren 6an, handien txandea izango da: John Szarkowski. Igaz hil zan aragazkilari estadubatuarra 1962tik 1991rarte New Yorkeko Arte Modernoko Museoaren argazki zuzendaria izan zan. Instituzino honetan egin eban lanari esker, argazkilaritzea pintura edo eskulturearen disziplina artistikoaren maila berean jartea lortu eban eta pasa dan mendeko argazkilari onenen lanak barreaiatu zituan. Bere hainbat liburu gainera gaur egun hainbat arte eskoletako ikasketa planetan jasoten dira. BBKko erakusketa aretoan izango da ikusgai bere lan garrantzitsua (Kale Nagusia, 30).
Azken erakusketea zemendiaren 24tik abenduaren 5erarte izango da ikusgai Barrainkuako Udaltegian. Bertaratzen diranak, Argizaiola Sariketako partaideen lanak izango ditue ikusgai, 1973tik Euskal Herriko Argazkilaritza Federakundeak antolatzen dauen sariketea.
Topaketak eta tailerrak
Hilaren 30ean, Strobist mobimentuak, digitalizazinoaren zehaztasunak flash txikien erabilerea bilatzen dauen estiloak, 10:00etatik aurrera Kasilda Anderearen Parkean ‘meeting KDD’ (hitzordua) antolatuko dau, argazkizaleek kamarak eskuetan Bilboko bizitzaren argazkiak egin ahal izango dituelarik. Interesaturik dagozanak Euskal Herriko Argazkilaritza Federakundearen webgunean emon leikie izena.
Zapatuan, hilaren 15ean, umeentzako argazkigintza urtekerea antolatu da Kasilda Anderearen Parketik abiatuta. 11:00etan, Federakundeko irakasle biren eskutik zazpi eta hamabi urte bitarteko umeek- nagusi baten laguntzinoagaz- enkuadrea edo argiaren erabilerea lako oinarrizko arauak ikasiko ditue. Tailerraren prezioagaz —bost euro- 27 argazki eta flash dauen botateko kamarea, errebelatua eta erregalu txiki bat sartzen da. Ganerako ekimenak bezela, honetan interesa dabenek www.federacionfotovasca.org helbidean emon beharko dabe izena eta bertan ikusi ahal izango dira umeek egindako lanak.
Berbaldiak
Bilboargazki egitarauan izango dan lehen berbaldian A propósito de liburu bildumearen aurkezpena egingo da, sei hilero argitalpenakaz euskal argazkilari onenen lan monografikoak ezagutarazoteko helburuagaz. Lehen liburua Federakundeak berak argitaratuko dau BBkren babesagaz. Carlos Canovasi buruzkoa izango da. Argazkilari honen lanak, Pariseko Liburutegi Nazionaleko bilduman, IVAN balentziarrekoan, Reina Sofia Museoan, La Caixa Fundazinoan zein Bilboko Arte Eder Museoko bilduman topau daitekez. Hitzordua BBkko erakusketa aretoan izango da zemendiaren 19an 19:00etan.
Bigarren berbaldia Isabel Díezen eskutik izango da (Bilbo, 1966), aurtengo Argizaola Sariketearen irabazlea. Hainbat sari irabazi ditu argazkilari honek, nazionalak zein nazinoarte mailakoak: European Widlife Photographer of the Year edo el Glanzlichter lakoak. Bere lanak Barrainkuako udaltegian jarriko dira ikusgai.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!