Geure iruditegietan barrena
2017-09-18 13:02Nire blog-lagun eta kide dodan Mirenen azken testua behin irakurrita, neure egin dot haren jarduna. Egia da, bai, gure bizitzen ibilbidean zehar leku jakin batzuek marketan gaituena eta denporea igaro arren, urteek gure gorputzak higatu arren, gure zati bat leku horreetan dagoala oraindino. Leku berezi eta geure horreek osotuten dabe gure barrenaren iruditegi topikoa.
Geure etxea, zeozer izatekotan, zaurien etxea izan da. Horma bakotxean, etxearen gibeleko txoko txiki ixil berdean, hain altuak ziran eta horren baxu geratu diran atalondoko kosketan, ezkaratzeko egurrezko mahai arrakalatuan edota amama jesarten zan izkina lotsati epel aldatuezinean. Toki horreetara danetara arrapalada batean, baloiari ostikadaka edota errubera txikitxudun txirrinduaren ganean ailegetan nintzan, izerdi patsetan eta arnasestuka. Denporeak, ostera, bizikleteari gurpil txiker hareek ebatsi eutsazan eta baloiari kolorea lausotuarazo. Ez eban erdietsi, baina, baztar guzti horreek euren esangurea eta binkulazinoa deuseztatutea. Hortaz, testuan bertantxe zuzenketa bat egingo dot. Zeozer izatekotan, zauri edegien etxea zan gurea, oraindino bere toki eta gomuta guzti horreek sano bizirik daukadaz-eta neure barruan.
Nire kidearen testuari so eginaz, ganera, nire izeko-osaben etxeak etorri jataz akordura. Aitaren sendikoek, futbolari itxurea neukalakoan edo, urteak joan urteak etorri Athletic-eko ekipazinoak, txandalak eta oroigarriak erregaletan eustiezan. Amaren sendikoek, aldiz, pilotari antza hartuta edo, beti erregaletan eustien pilotari famaturen baten kamisetea eta eskuan pilotarien takoak egiteko (edo behintzat egiten saiatuteko) ehunak zein pegamentu berezia. Baserri aldera jo eta zer jazoko eta jasoko? Ba, antza danez, Errigoiti aldeko familiakideek gehiago begitantzen eben herri kirolen mundua eta, hori zala eta, ni baserri inguruko beharretara eta gizon probetara hurreratutea baino ez eben bilatzen. Neronek, berriz, zer aukeratuko, eta bizikletea hautatu…
Mirenen speech-ari jarraituz, nire iruditegian bere udako eta neguko imajinak dagoz. Ez hori bakarrik, uda zein negu urrunekoak eta hurragokoak bereiztuten dodaz nik nire gogamenean. Urruneko neguek, besteak beste, behar baino oparo eta mardulagoak ziran bazkariak, ugerlekuan egiten genduazan igeriketa klaseak, gabonil partean atsedenaldiro eskolako patioko futbol zelaitik eraikinaren barrura sartze aldera euritzan egiten genduan sprint-a, arkupedun enparantzako hormetan pilotaka marrazten genduzan harridura ikurrak edota ingeleseko akademiatik gaua egin orduko arineketan urten eta urak zeharo bulartuta egozan erreka ertzetatik egiten genduzan lasterkaldiak, egunaren azken printzak harrapau guran. Hurragoko neguek, ostera, uda garaiko kirol ramadan-aren osteko oturuntza naroak, gimnasio arrasti luzeak, argi eta mobimendu bako mendietan zehar egindako ibilbide lasaiak –normalean gauari edota euri jasei ihesi gorago aitaturiko atalondoko kosketaraino arineketan amaituten ziranak-, konpetizino-maila serioa zala eta uda sasoian bota ezin ziran parranden erreprodukzino negutiarrak eta izerdiz goitik behera blai-blai eginda ixten eustien arrabola saio akabubakoak.
Barreneko iruditegi topiko horrek badau bereizketarik, era berean, udeari jagokonean. Antxinako udetan neguko argi eta mobimendu bako mendiak iratzartu eta berpiztu egiten ziran eta ibilaldiak ez ziran jada arineketan amaitzen, ez egoan eta euri jasen edo gauaren bildurrik edo kezkarik. Lasterketak eta entrenamenduak laburragoak ziran, bestalde. Ez dot hareen oroitzapen franko gordetan baina badakit arratsaldez igerilekuagaz, hondartzeagaz, mangereagaz edo merienda edar bategaz oroz konpatibleak zirana. Hurreko udek, aldiz, konpetentzia hutsa –eta betea- dakarzte burura. Horregaz batera, geroz eta murritzagoak ziran meriendak, beste kirol eta plazer batzueokaz konpatibilidade eza, egin ezin ziran mendi urtekerak (ez dakit azken udotan mendia argitsu edo euritsu egon dan eta gaua goizago edo beluago ailegau ete dan mendi aldera), kilometro andana izugarria eta errepidea. Batez be, errepidea. Karrera batetik besterako bidaietako errepideen flash-ak, egunak kanpoan igaro ostean etxera eroaten euskuen errepideen irudiak, bazter idorrak eta berde fresko guri-guriak lotuten zituen errepideenak eta errubera biren ganean arrapaladan egin beharrekoenak, hurrenez hurren.
Azken finean, harrigarria da oroitzapenek guregan daukien eragina eta isladea. Bizi izan doguzan momentuen eta lekuen mukurua gara, baina baita oraindino gugan bizi diran leku eta momentuena bere. Nire lankidearen testua leiduten nagoala, nire barreneko iruditegi topikoa, edo iruditegi topiko horren zati esanguratsu bat behintzat, gogoratu dot.
Erantzunak
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!
Hau poza, Alex! Pozten naz nire testuak iruditegi bat gogorarazoteaz ganera testu eder honetarako bide emon deutsulako! Honexeri esaten jako testuartekotasuna, bai horixe!
Eskerrik asko eta laster arte!