Ume baten buruaren mapea
2017-09-15 12:10Ez dakit sekula ikusi ete dozuen persona baten buruaren mapea. Batzuetan, medikuek zuen gorputz-ataletako mapak egiten ditue, eta benetan interesgarriak izan daitekez, baina postura egingo neuke ez dakitela ume baten buruaren mapea egiten. Umeen burua zoramena da, beti dabil bueltaka. Sigi-saga, sigi-saga, mapa hori sigi-sagaz beteta dago (Peter Pan. J.M. Barrie; itzulpena: Julen Gabiria).
Halan dakar Barriek, Peter Pan eleberrian, umeen buru barruko mapaz dabilela. Sekula Betiko Lurraldearen mapea deskribiduten dau gero, bai eta istorioko pertsonaien euren lurraldeetakoa bere: Johnen herrialdeak, esate baterako, laku bat zeukan, eta lakuaren gainean flamenkoak hegaz, eta Johnek ehizatu egiten zituen. Michaelen herrialdea, aldiz, txiki-txikia zen, eta flamenko bat zeukan, eta flamenkoaren gainean lakuek egiten zuten hegaz. John txalupa batean bizi zen, hondarretan azpikoz gora jarritako txalupa batean (Peter Pan. J.M. Barrie; itzulpena: Julen Gabiria). Eta abar, eta abar, eta abar.
Gurean, Kepak, iglu bat eukan Ipar Poloan, eta trineo baten ailegetan zan haraino. Han, neskatila bat eukan egurrezko kuma eder baten, gozo jagoten ebana. Lantzean, Kepak mapearen bestaldera egiten eban hegaz, izarretara, artilezko espazio-ontzi baten. Gu, ostera, sahats azpiko lurraldean bizi ginan, eta bertan egozan etxea, eskolea, medikuaren kontsultea, tabernea eta dendea.
Etxeak, etxeak eta etxeak egozan umetako gure mapetan: izekoren etxean bideoa egoan, eta Gabonetan Belen handi bat, zilar-papelez egindako erreka eta guzti; amamaren etxean takoidun zapatak eta narruzko poltsak, eta argazki zaharrak, eta artilea, eta botoiz betetako kutxa bat. Horrezaz ganera, geure-geureak ziran, beste amamaren etxea, eta gure etxea... dan-danak.
Gure umetako mapan udako herrialdeak eta neguko herrialdeak egozan. Udako herrialdean izozkiak, hondartzea, bizikletea, aititeren batela, mangerea, hamakak… Neguko herrialdean, barriz, amaren denda jentez ganezka, partxisa, txokolatezko kinder arrautzak, koloretako koadernoak, etxerako lanak eta idazlanak.
Eguneko herrialdeak eta gauetakoak be baegozan gure mapetan. Gauetako herrialdean hegaz egiten genduan etxeko pasiloan eta logelan, eta munstro erraldoi bat etorten ei zan, eta ekidin egin behar zan hari begietara aditutea; uletsua zala esango neuke, baina ez dakit seguru, ez neutson-eta egundo bere begiratu. Eta abar, eta abar, eta abar.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!