Proiektua gobernu edegiaren arloko sarietan nabarmendu dabe

Bizkaie! 2018-08-07 09:41   Kulturea

NovaGob Excelencia 2018 sarietan akzesita emon deutsie.

BentaraNoa parte-hartze prozesua | Ikusi handiago | Argazki originala

NovaGob erakundeak, administrazino publikorako gizarte-sareak, Gobernu Edegiaren arloko ekimenik onenarentzako akzesita emon deutso BentaraNoa proiektuari. Izan be, Getxon martxan jarritako ekimen honek arlo publikoa kudeatzeko paradigma barriak lantzen ditu, gardentasuna, lankidetzea eta hiritarren parte-hartzea oinarri dirala.

Andra Mari auzoko Benta eraikinari erabilera barria topetako, Getxoko Udalak abiatutako parte-hartze prozesua da BentaraNoa, herritarren eretxia ezagutu eta auzotarren beharrei erantzuteko. Udala oso pozik dago lankidetza publiko-soziala lantzen dauen proiektu honek eta lokal historiko hau barriro zabaltzeko lanean dabizanen jardun egokiak jaso daben aintzatespen garrantzitsu honengaitik, adierazo dau Amaia Agirre zinegotziak.

NovaGob komunidadeak sariok emoteko deialdia egiten dau orain dala hiru urtetik, administrazino publikoek euren prozeduretan eta uritarren arretan dituen praktika egokiak eta ahaleginak ikustarazoteko. Aurtengo edizinoan, Espainia guztiko hainbat egitasmo aurkeztu dira. Esate baterako, Gobernu Edegia atalean, BenataraNoa proiektuagaz batera, beste hamaika hautagai egon dira.

Finalisten artean aukeratu dabe BentaraNoa eta, azkenean, akzesita emon deutsie. Sariak banatzeko ekitaldia Toledon izango da, urriaren 24an. Ganera, erakunde publikoen praktika onen inguruko argitalpen baten Getxoko proiektua agertuko da.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu