Igartza Sarien XIII. edizinoan parte hartzeko epea zabalik dago

Bizkaie! 2010-02-19 14:23   Lehiaketak

Idazle gazteen lana promozionetako sorturiko Igartza Sariak 13. urtea beteko dau aurten eta, orain arteko irabazleen zerrendea ikusita, liburu arrakastatsuak eta ibilbide oparoa daben idazleak ezagutarazo ditu beka horrek. Lanak bagilaren 30a baino lehen bialdu behar dira Beasaingo udaletxera.

Idazle gazteen lana promozionetako sorturiko Igartza Sariak 13. urtea beteko dau aurten eta, orain arteko irabazleen zerrendea ikusita, liburu arrakastatsuak eta ibilbide oparoa daben idazleak ezagutarazo ditu beka horrek.

Beasaingo Udalak, CAF (Construcciones y Auxiliar de Ferrocarriles) enpresearen babesagaz eta Elkar argitaletxearen laguntzinoagaz, euskal kultura zabaldu eta idazle gazteen lanari laguntzinoa emoteko asmoz sortutako XIII. Igartza Literatura Sorkuntzako Bekeak 35 urtetik beherako idazleen narratiba-lanak jasoko ditu, jatorrizkoak, euskeraz sortuak eta inon argitaratu bakoak. Deialdia egile barriei zuzenduta dago, 35 urtetik beherakoei, hain zuzen.

Proiektuak 2010eko bagilaren 30a baino lehenago aurkeztu beharko dira Beasaineko udaletxean. Ondoren, Karmele Jaiok, Igor Estankonak eta Xabier Etxeberriak osatutako epaimahaiak, jasotako proiektu guztiak aztertu eta hareen arteko bat izentauko dau irabazle 2010eko irailaren 10a baino lehen. Aurkeztutako lanek behar besteko kalidaderik ez dabela eretxi ezkero, bekea emon barik itxiko dabe epaimahaikoek.

Irabazleak 6.000 euroko laguntzinoa jasoko dau, erdia berehala eta beste erdia, idazlan amaitua entregau eta epaimahaikoek onespena emondakoan, lehen erdia jasotzen duenetik urtebetera. Beraz, irabazleak izentapena jaso eta urtebeteko epea izango dau, gehienez, idazlana amaitzeko. Ondoren, Elkar argitaletxeak argitaratuko dau idazlana. Informazino gehiago gura izan ezkero, idatzi euskara@beasain.net helbidera.


Igartza Sariaren aurreko irabazleak:

Lehenengo urtean: Julen Gabiria: Connemara gure bihotzetan

Bigarren urtean: Xabier Etxeberria: Egun denak ez dira berdin

Jasone Osoro: Korapiloak (akzesita)

Hirugarren urtean: Fernando Morillo: Ortzadarra sutan

Laugarren urtean: Unai Elorriaga: Van't Hoffen ilea

Bosgarren urtean: Julen Gabiria: Han goitik itsasoa ikusten da

Seigarren urtean: Asel Luzarraga: Karonte

Zazpigarren urtean: Karmele Jaio: Amaren eskuak

Peru Magdalena: Lile (akzesita)

Zortzigarren urtean: Uxue Alberdi: Aulki bat elurretan

Bederatzigarren urtean: Jon Martin: Ero

Hamargarren urtean: Katixa Agirre: Habitat

Irati Jimenez: Nora ez dakizun hori (akzesita)

Hamaikagarren urtean: Eider Rodriguez: Katu jendea (laster argitaratuko dabe)

Hamabigarren urtean: Uxue Apaolaza (Oraindino idazten)

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu