Durangoko Azokako Haur Literatur Aretoko umetxuek Miren Agur Meaberen bisitea izango dabe
2007-11-26 14:09 KultureaBi eta hamabi urte bitarteko umeak literaturearen mundura modu aktiboan hurreratzea da umeen txokoaren helburu nagusia. Miren Agur Meabek abenduaren 5ean bisitauko ditu txikitxuenak baina, horrezaz ganera, beste hainbat ekitaldi izango dira, ipuin kontalariak, magoa, Olentzerori postala...
Gerediaga Elkarteak eta Berbaro Elkarteak alkarlanean beste urte batez Durangoko Euskal Liburu eta Disko Azokan Haur Literatur Aretoa antolatu dabe. Azoka ondoan berenberegi jarriko diran etxolatan egongo da aretoa. Danetara, 180 metro koadroko lekua.
Bi eta hamabi urte bitarteko umeak literaturearen mundura modu aktiboan hurreratzea da helburu nagusia. Antolatzaileen esanetan, umeei euskeraz irakurteko gogoa biztutea. Horretarako, umeak ipuinen magian barruratuko ditue eta Durangoko Euskal Liburu eta Disko Azoka barruan euren gustuko txoko trankila izatea bermatuta egongo da.
Aretoa, liburutegi bat izateaz gan, hizkuntzeagaz olgetako gunea be izango da. Umeakaz hurreratuko diran gurasoez gan, begirale euskaldunak egongo dira bertan gunea dinamizetako eta umeen beharrizanei erantzuteko.
Umeek gunean egongo diran liburu barriak ikusteko eta irakurteko aukerea izango dabe.
Olentzerori gutuna
Haur Literatur Aretora hurreratzen diran gaztetxuek Olentzerori gutuna idatzi ahal izango deutsie eta Durangoko Azokan gehien gustau jaken diskoa edo liburua eskatu. Ganera, abenduaren 9an, Olentzerok azokea bisitetan dauenean, idatzitako postal guztietatik bat aukeratu eta ume horri gabonetarako etxera bialduko deutso eskatutako oparia.
Ipuin kontalariak
Alaitz Muro ilustratzaileak eta Agurtzane Villate ipuin kontalariak ipuin afrikarrak kontau eta ilustrauko ditue. Goizane Azpirik, Ipuin txiki, ipuin handi ikuskizuna eskainiko dau eta Antton Kazabonek Ametsak lo izenekoa. Azkenik, Isabel Millet kontalariak Martin Txiki eta Marizikin-en euskal ipuinak kontauko ditu txotxongilo eta musikaz lagunduta.
Miren Agur Meaberen bisitea
Olentzeroren bisiteaz eta ipuin kontalariez gan, Kidam Magoa, euskaraokea, eskulanak eta beste hainbat ekitaldi izango dira umeentzako berenberegi preparautako txokoan.
Azkenik, Urtebete itsasargian lanagaitik Haur eta Gazte Literaturan Euskadi Saria 2007 jaso dauen Miren Agur Meabek txikitxuenak bisitauko ditu abenduaren 5ean.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!