Euskal Ikasketak Hungarian

Erabiltzailearen aurpegia Ardi Txikia Beti Bildots 2016-09-28 18:30

Euskal ikasketak Hungarian, In memorian Ferenc Ribáry izeneko biltzarra antolatu eban Oxel Uribe-Etxebarriak, Budapesten dagoan euskara-lektoreak, Budapesteko ELTE unibersidadean (bertan eta Szeged-eko unibersidadean emoten ditu euskera-eskolak). Biltzarrean parte hartu genduan geuk bere, eta kronika txiki bat dakargu bertora.

Etxe honek beronek emon eban joan zan astean Budapesten izandako topaketa baten barri. Euskal ikasketak Hungarian, In memorian Ferenc Ribáry izeneko biltzarra antolatu eban Oxel Uribe-Etxebarriak, Budapesten dagoan euskera-lektoreak, Budapesteko ELTE unibersidadean (bertan eta Szeged-eko unibersidadean emoten ditu euskera-eskolak). Biltzarrean parte hartu genduan geuk bere, eta kronika txiki bat dakargu bertora.

Ferenc Ribáry-ren omenezko ekitaldia izan zan biltzarra, 150 urte igaro dirala eta Ribáryren  A baszk nyelv ismertetése argitaratu zanez gero. Ferenc Ribáryren eta haren lanaren ingurukoak azaldu euskuzan Karoly Morvay hizkuntzalariak: Budapesten kale bat daukan Ribary zientzialariak 1866an argitaratu eban bere gramatikea, Vinson-ek itzuli eta moldatu ebana. Bien arteko gutun-trukean esaten zituezanak bere gogorarazo euskuzan Morvayk, bai eta gutun-truke gehiagoren barri emon be: izan bere, Ribáryk hainbat gutun trukatu zituan Bonapartegaz. Euskaltzaindiaren Euskera aldizkarian daukaz batuta Morvay irakasleak gramatika horreri buruzko zehaztasunak; bada, irakurgai ederra dauka sarean eskura xehetasun gehiago gura dituanak.

Ribáryren figurea kokatzeko eta testuinguratzeko azalpenak emon zituan Unai Lauzirikak, Leipzigen (Alemania) euskera-lektore dabilanak. Askotarikoak izan dira atzerrian euskereari eta euskal kultureari erreparetako motibazinoak eta horretarako tartea hartu izan daben euskalariak, Historian zehar izan diran hainbat euskalarien barri emon eban Lauzirikak biltzarrean, eta gaian aditu diran irakasleen lanen azalpen labur eta argia eginez, Ribáryren lana jagokon joeren barruan kokatzeko.

Ferenc Ribáryren omenaldia Karoly Morvay irakaslearen omenaldi bihurtu zan hein handi baten: Etxepare Euskal Institutuak plaka bat egin eutson opari, Hungarian euskerearen eta euskal ikasketen sustapenean urte luzetan egindako lana eskertu guran. Opariaren orde, beste bat ekarri eben bueltan euskal ordezkariek: Morvayk Ribáryren lan bat opetsi eutsen. Ribáryren lanaren eta biografiaren ikertzaile ezeze, Budapesteko euskal lektoretzaren sortzaile izan da Karoly Morvay: 1977an hasi zan bere aldetik euskerea ikasten, unibersidadean bere departamentuan hizkuntza horixe falta zala ta Iberiar Peninsulako hizkuntza guztiak ezagutu egiezen bertako irakasleek. Gerora, Lazkaoko barnetegian egin zituan egonaldiak, eta bertan ikasitakoak bere hizkuntzalaritza-jakintzakaz bat eginik Budapesten ikasle zituan hizkuntzazaleai irakatsi izan deutsoz urteetan zehar. Horretarako, besteak beste, DUK izeneko gramatikea sortu eta argitaratu eban.

Laster sareratu ahal izango da gramatika hori, amaitu egin diralako argitaletxearen eskubideak. Halan da ze, danon eskura egongo da laster.

Karoly Morvayk ezeze, Budapestetik pasau izan diran euskaldunek be emon izan ditue euskera-eskolak Hungariako unibersidadeetan, Begoña Bosquek (Budapesteko institutu elebidun batean matematika-irakasle ibili zan) eta Izaskun Perez Gonzalezek (Hungarian tarte batez bizi izandako itzultzailea da), kasurako. Euren esperientzien barri emon euskuen, gaur egungo lektoreagaz batera, hungarian euskara irakastearen ganeko mahai inguruan.

Oxel Uribe-Etxebarria da gaur egungo euskera-lektorea, Etxepare Euskal Institutuak sustatutako irakasleen sareko kide. Azken hori, Izaskun Perezegaz batera, bidelagun izan dau  Karoly Morvayk DUK gramatikak behar eban bikotelagunaren argitalpenean: biltzarrean bertan aurkeztu eben hirurek DUN Hungariera-Euskara hiztegitxua. L'Harmattan etxean topau leiteke hiztegitxu hori.

Hizkuntza-eskolak ez dira, baina, hungariarren eta euskaldunen arteko truke bakarra izan. Bada, kultur trukeaz jardun genduan Zsuzanna Csikós-ek, Enikó Mészáros-ek eta nik neuk. Joan eta etorri diran literatur lanak, artikuluak, idazkiak, jantzariak, musikariak, kantariak… ekarri genduzan hizpidera. Literatur-trukean, kasurako, Sabin Muniategik, Joseba Sarrionandiak, Urtzi Urrutikoetxeak, Unai Elorriagak,  Garazi Arrulak eta Iñigo Aranbarrik ekarri izan ditue hungariarren testuak euskerara; hemendik hara joandakoen artean dagoz, barriz, Arestiren eta Atxagaren testu batzuk, adibide baterako. Gehiago izango ete dira aurrerantzean… itzulpen-lanetan ibilten dira lektoretzako ikasleak urtero, bertako itzultzaileen etxean egiten dan mintegi baten.

Soinuaren doinuak lagunduta hango eta hemengo kantuak eskaini euskuzan Marta Muranyi soinujole eta abeslariak biltzarrari akaberea emoteko: antzeko gaien inguruan kantau izan dabe hungariarrek eta euskaldunek. Doinu hareek gogoan, orain arteko trukeak jarraitu dagiala, horixe baino ez dogu espero Budapestetik Euskal Herrira bueltan etorrita.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu