Euskal ikasketen inguruko biltzarra egingo dabe Budapesten
2016-09-20 13:01 KultureaIrailaren 22an eta 23an egingo dabe topaketea eta Ferenc Ribáry izango da omendua, euskerazko gramatikea hungarieraz argitaratu eban 19. mendeko irakaslea.
Budapesteko ELTE unibersidadean egingo dabe biltzarra, Euskal ikasketak Hungarian, In memorian Ferenc Ribáry izenburupean. Programa berezi horregaz, ELTEk gogora ekarri nahi dau atzerrian euskerearen gramatikearen inguruan idatzitako lehenengo lanetako bat izan zala A baszk nyelv ismertetése, Ribáryk hungarieraz plazaratutako lana. 150 urte bete ditu dagoeneko euskerearen deskribapen zehatz horrek.
Ferenc Ribáry irakaslea 1827an jaio zan, Hungariako Kolta herrian, eta antxinako kulturak zein Europako hizkuntzak aztertu zituan. Euskerearen gramatikea 1866an argitaratu eutsien eta beste hizkuntza batzuetara be itzuli zan 19. mendean bertan. 1880an hil zan Ribáry, Budapesten.
Etxepare Euskal Institutuak azaldu dauenez, irailaren 22an eta 23an egingo dabe biltzarra. Hungariako unibersidadeetan euskal ikasketak egon badagoz eta, hain zuzen, Etxeparek ELTEn daukan ordezkaria, Oxel Uribe-Etxebarria, izango da parte-hartzaileetako bat. Euskerea eta euskal kulturea erakusten ditu Uribe-Etxebarriak Budapesten.
Ribáryren gramatikea izango da biltzarreko gai nagusia, baina ez bakarra. 19. eta 20. mendeetako euskalaritzea Europan zelakoa izan zan aztertuko dabe, baita Hungarian euskerearen irakaskuntzearen egoerea be. Euskal Herriaren eta Hungariaren arteko hartu-emon literarioak be jorratuko ditue.
Biltzarrean, euskera-hungariera hiztegi barria aurkeztuko dabe. Károly Moravay, Izaskun Pérez González eta Oxel Uribe-Etxebarria egileak izango dira ekitaldian. Era berean, kultura bietako musikea eta jantzak ezagutu ahal izango dira, Márta Murányi soinu-jolearen musikeak lagunduta.
Biltzarra biribiltzeko, Loreak filma proiektauko dabe ELTEn, euskeraz eta hungarierazko azpitituluakaz. Jon Garañoren eta Jose Mari Goenagaren filma Oscar sarietako lehian egon zan igaz, ingelesez ez diran pelikulen mailan.
Antolatutako jardueretan aditu ugarik emongo dabe euren eretxia. Esaterako, Euskal Herritik Miren Ibarluzea, Unai Lauzirika, Begoña Bosque eta abar doaz Hungariara. Egitarau zehatza, hemen.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!