Urrundik datorrena

Erabiltzailearen aurpegia Alex Uriarte 2021-02-15 15:18
Urte asko daroazuzanean idazten, harritu egiten zara oraindino be idazten zelan jarraitzen dozun ikusita.

Harritu egiten zara oraindino be zer esana badozula sinistuta: horretarakoxe bakarrik izango dan egun libre bat topetako itxaropenagaz, orriak irunsteko ilusinoagaz, esaldiak josteko kemenagaz, ulermenaren oihal garbian orbanik lagako ez dauan sintaxi garbi baten bila.

Guy de Maupassant idazle frantsesak honako hau kontau eutson lagun bati: lehengunean, nire logelan idazten nengoala, gizon bat sartu zan; zur eta lur geratu nintzan, nire morroi Françoiseri sarritan esana deutsat-eta inori sartzen ez lagateko. Esaldi baten erdi-erdian nintzan, ez aurrera eta ez atzera, eta gizon harek jarraipena xuxurlau eustan belarrira. Ez neban berehalakoan ezagutu kanpotar bitxi ha: neu nintzan.

Urte asko daroazuzanean idazten, publikau bako zirriborroak edozein bazterretan agertzen jatsuz: kajoian, liburu artean tolestuta; karpeta zaharretan, paper arraroz kamuflauta, eta abar. Edo, berbarako, iaz edo orain dala bi urte idatziriko ipuina, denporeak tenpletan itxi zenduana, atzera irakurten dozu eta harritu egiten zara maiz, beste norbanako batek idatzi dauala dirudialako; zure nortasuna daroen lerroen ondoan ahaztu dozuzan sentimenak nahiz jarrerak ikusteak bildurra sortzen dau.

Bob Dylanek honako hau zinoan Like a Rolling Stone abesti ospetsuaren inguruan: begitantzen jat mamu batek idatzi ebala kanta hori. Abestia opari egiten deutsu eta, jarraian, desagertu egiten da, inoz itzuliko ete dan jakin ezinik. Zuk ez dakizu zer esan gura dauan; dakizun bakarra da mamuak zu aukeratu zaituala kanta hori idazteko.

Urte asko daroazuzanean idazten, aieru edo konjetura zinez susmagarri batek hartzen zaitu: sormenaren ardura osoa zeurea bakarrik ez ete dan pentsarazoten deutsu; zeure beharra ez dagoala zeure gain bakar-bakarrik; beharbada, iraganetik datorren lotura ilun baten katebegi soil bat baino ez zarela. Eta, jakina, txunditu egiten zara imajineteagaz zuk zeuk martxan jarri dozun sormenaren mekanismoak, agian, beste dimensino bateko hariak ikutu leikezala.

Zeharo entzuna da S.T. Coleridge poeta britainiarrak zelan idatzi eban Kubla Khan bere olerki ospetsua: opioa hartu neban eta bere eraginaren amesetan heldu jatan poema osoa, berbaz berba, esaldiz esaldi. Iratzarritakoan, idazten hasi nintzan, baina Porlock-etik etorren persona bat sartu zan gelan eta olerkiaren akabua ahaztu egin jatan betiko.

Urte asko daroazuzanean idazten, jakin badakizu euskeraz etorria berbeagaz hain egoki definidua dagoan inspirazinoa nonork ekarten dauala, kanpotik, urrundik, amesetatik, eta harritu egiten zara nonor hori zu zeu zarela kargutukeran.

Erantzunak

JotaBi 2021-02-17 19:40 Erantzuna | #1

Parmenides-ek esan ebanez ezin zeinke ibai berbera birritan bajatu , bigarren aldiz bajatzen nazenean ibaira, ez zu ez ibaia ez zariela berberak. Baina lehena edo bigarrena, aurrean edo atzean, agirikoa edo estalita, zeu zara idazlea. Eta agertzen diran edo igarten doguzan zertzeladak zuk idatzi dozuz, agian zure iraganeko zuk. Dana dala, gustau jat zure burutazinoa.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu