Duintasuna
2020-12-12 13:50Norte izeneko kafetegi zaharrean nago, ukondoa mostradorean parauta.
Hila da taberna baten jesarten ez nazela. Blogean zer idatzirik topau ez dodana, ostera, hileak. Plural maiestatikoan. Urteek euren gizatasunezko igurtzia emon deutsen gune ilunkara hau piloa gustetan jat: badauka zeozelako nostalgia edo malenkonia bat, neure barrura erakarten nauana. Blues on batek lez: tristurea transmitiduten deutsu, baina, zelan edo halan, kontrolpeko bajoia da, hondora eroaten ez zaituana, alegia. Ehun urtetan hemen egon izango ziran gizakien zerrendan epel sartuta, pakean sentiduten naz holan.
Zer-pentsau nago, zer-suma, zer-idatzi. Gizon baltzaran bat sartu da, bere tankerakoek ohi daben isiltasunagaz, eta haren begirada zorrotza niregana dator zuzen-zuzenean, espazioa lotsati iruntsiaz. Aurrean geratu eta eskuetan dakarzan txipli-txaplak eskaini deustaz. Arpegi noblea dauka gizonak: ulea zuritzen hasia, matraila leunak, kokots indartsua; konfidantzea eskaintzen dauan arpegia da. Eta pentsau dot: seguru gizon hau bere herrian bazala nor edo nor, seguru errespetadua zala, seguru jenteak aholkuak, mesedeak eta laguntzinoa eskatzen deutsozan horreetakoa zala, orain geurean katxibatxe-saltzaile koitadu bihurtu orduko, salmenta klandestinoen mafiaren morroi, beste hamar kidegaz zapaldu beharko dauan etxebizitza ustelera heldu aurretik.
Izan be, etorkinak orain modan ipini jakuz: literaturan, umeentzako ipuinetan, zutabeetan, erreportajeetan eta beste edonon gure leku literarioa emon deutsegu. Kantak eskaintzen deutseguz, zeoelako sub-konseilaritza bat be bai, hilero jasoten dituen gure arropa zaharrakaz batera. Sentimendu bik zeharkatzen dabe gure gizartearen bihotza etorkinen aurrean: errukiak, batetik; erdeinuak, bestetik. Erruki hori kristaua da, neurri baten; ezkertiarra, beste horrenbestetan; benetakoa, gitxi batzutan. Begiak zabal-zabalik begiratzen deutsegu, errukior agertzen garenean. Erdeinuak danak delinkuente edo gaizkile lez ikustera bultzatzen gaitu; orduan, ez deutsegu arpegira zuzenean begiratzen.
Ez deutsat ezer erosi eta, taberna osoko ibilerea amaitu dauanean, nire alboan jesarri da, deskantsu bila. Zer edo zer hartzera konbidau dut, eta pozik onartu dau, begiradea argiztuta. Kafesne bat atara deutso tabernariak. Ona dagoan keinua egin dau, eta gero berba bat bera be esan barik geratu gara alkarren ondoan, alkarri begiratu barik. Galdetu ahalko neikio, esate baterako, haren etniaz, haren lurraldeaz, bidaiaren garraztasunaz; edo berak nire ogibideaz, nire sendiaz, nire bidaia gozoez. Baina ez. Onartu egin dot, bat gehiago lez, Norte kafetegi zaharrean. Berak onartu egin nau, ezer salduko ez deutson norbanako bat lez. Ez jat miresgarria begitandu; ni be ez berari, antza. Amaitu dauanean, metxero bi egin deustaz opari. Ezetz dinotsat. Berak, barriz, hartzeko. Jaso dauanaren emon gurea. Kafesnea baino garestiagoak dirala dinotsat, baina hartu egin deutsadaz. Tabernako atetik urten eta aste osoan lehortu barik dagoan espaloian barrena galdu orduko, zera esan dau:
- Inork ez nau konbidau gaur arte. Niretzat gauza handia da.
Erantzunak
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!
Eskerrik asko zure berragerpenagaitk blogean. Askotan begiratzen dot weborria zure barriren bat agertzen badan. Aipatutako bluesak berenbegiko izena daukat: Pandemiaren bluesa. Blues horrek transmitiduten deuskun sensazinoa hauskortasuna da.