Hatsa

Erabiltzailearen aurpegia Alex Uriarte 2020-03-23 18:07

Zuk idatzi. Eta, min emoten baldin badeutsu, minberatuta idatzi. Baina idatzi.

Batzutan, iruditzen jat olerkariok —edo sasi-olerkariok— beste mundu paralelo baten bizi garala. Horixe entzun neban, behin, Karmen Estebanen ahotik urtetan, Joxan Artze maisu handia zanaz berbetan egoalarik. Baina, aipuez harago, begitantzen jat, sarritan, nire bihotz-begien egiak halabeharrez idazten dodazala eta ez dodala ezelako erantzunik jasoten esaldiez bestaldeko ene maite(ar)engandik.  Sarri, igarten dot poeton artean biltzen garalarik, zelanbateko parentesi txiker bat egiten dodala Lurra dan mundu txiki honetan.

Ene adiskide eta konfidente Pako Aristik be esana eustan, antza,  Joxan Artze bera be goizaldeko 4etan jagiten zala, inspirazinoa supituki etorten jakolako, eta orduak igaroten zituala bere munduan baitaraturik, bere pentsamendua idatziz emon asmoz; ez ei zan denporearen joanaz kargutzen, ezta bazkaltzeko tenorea zanik be! Badirudi idazleok, biziraun ahal izateko, gure pentsamendua nahiz sentimendua idatziz emon beharra dogula; bizia tintan gotortzeko beharrizana daukagu eta horretarako, nahitaez, geure barrenera jo behar. Askotan min eman arren. Idaztea da kontua. Zuk idatzi. Eta, min emoten baldin badeutsu, minberatuta idatzi. Baina idatzi.

Eta, jakina, poesia bihotzean izatearen zuzeneko ondorioa da —nire kasuan, sikiera— idazterakoan nire bihotz osoa ipintea. Holan ahazten jat niri be noz dan bazkalordua, afalordua edo lotarako tenorea. Ze, loaren atsedena, janariaren asebetetzea edo edariaren bizigarria emoten dost eskribitzeak, handik hartzen dot aurrera egiteko behar dodan hatsa. Hatsa hartzeagaz batera, ahal dodan gehien botaten eta alkarbanatzen saiatzen naz. Neurriz mintzen tematzen naz, zubiak eraikiten, bakotxak korapilo honetan norbere haria daukala ikustarazoten. Testu bakotxean, saiakera bakotxean. Irakurle baten edo ehunen aurrean. Ze, bat ez da gitxi.

Isiltasunean entzuten dodaz nire bihotz-taupadak eta taupada horreekaz batera desorekatzen naz. Bestaldekoen arauak puskatzeko gogo biziz izan ohi naz, eta kontzientzia oro nire barruko bene-benetako berbaz astintzeko grinaz. Amodiominez eta ia-ia etsipenez irakurle bakotxagan jartzen dot itxaropena, erabateko etsipenean ez jausten lagundu nagizuen eta eusten slackline hauskor baina sarkor honeri, bi mundu paralelo lotzen dituan horreri, etxeetako gelak euren artean bizirauten dituen horreri. Halabeharrez.

Desorekean bilatzen dot, zelan edo halan, orekea; ondoezaz diran berbak aukeratzen dodaz, ondo egon daitezan. Ez dot beti lortzen. Noz edo noz, zubia pitzatu egiten da, eta ez dago inongo urtenbiderik. Beste batzutan, ostera, berbek zubi horreri eutsi egiten deutsie eta, bapatean, mundua askozaz poetikoagoa, ulerkorragoa, samurragoa zein epelagoa bihurtzen da. Eta zubia sortzeko erabili dozun harrietako bakotxak bere sentiberatasun nahiz zentzu propioa hartzen dau.

Jasoten dodazan berbek, gehiago ala gitxiago izanda be, desbardin eragiten nabe eta, egia esateko, dan-danataz oroitzen nazan arren, batzuenak errepikagorragoak egiten jataz nire barrenean. Eurek, honezkero, badakie nortzuk diran. Martiaren 21ean, hainbeste eta hainbeste efemerideren artean, Poesiaren Nazinoarteko Eguna ospatzen da. Gaur 23a da, baina ez dodaz ahaztu zubiak altxau ahal izateko igarotako ordu danak, gauzak aurrera ez egiteak dakartzan isileko katastrofe guztiak eta, batez be, hor, bestaldean, egotearren munduko hitzik eztienak merezi dituen konfidente min, urri baina niretzat zinez bereziak. Hareeri, eurak be olerkariak diralako, besarkada bana. Hatsa emoten deustazue. Ez adiorik.

Erantzunak

JotaBi 2020-03-28 20:30 Erantzuna | #1

Pozten nau idazten dozunak, biok bat goaz eta. Bakotxaren bihotz osoa ipintea edozein ekintzatan funtsezkoa da, izan be holan lortzen da betiko oroitzapenak izan daitezan. Egin egiteagaitik ez dauka zentzunik.
Behin irakurri neban:”gure bizitzea argazki beteriko kutxa bat ikusten ahal da”. Zenbat eta bihotzez egindako esperientzia atseginei ataratako argazki gehiago sartzen dogun kutxan, orduan eta emonkorragoa sentiduko dogu gure bizitza.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu