Labezomorroei
2018-10-17 16:48Pertsonaia estandarrak eta homogeneoak izatea puri-purian dagoan gizarte honetan, sarritan, rara avis bat nazela deritxot; izan be, arraroa da, zoritxarrez, desbardina danarentzat erabilen dogun adjektibo kalifikatibo ohikoena.
Askotan begitantzen jat, gatxa izanagaitik, gustoko dodala arraroa izatea. Oso arraroa esango neuke. Bai, argi daukat, bitxitzat, bakantzat, xelebretzat eta, azken baten, arrarotzat joten dogun pertsona-talde horretan sartuten dot nire burua. Ez dot esango bilatu dodan zeozer danik, ez, baina, era berean, autortuten dot nire bizitean ardatz diran kontu frankotan ezbardina izateaz harro nagoala. Oso harro esango neuke.
Pertsona-mordo horren parte izatea gustoko dot; are gehiago, talde horretako parte izateak bizirik sentiarazoten nabelakoan nago. Ohera sartu orduko, leihotik begiratuten dabeen pertsona horreetakoa naz, zerua oskarbi ete dagoan eta izarrak ikusi ahal diran ziurtatuteko; ez hori bakarrik, gabaz euria danean, bentana-zuloan tontoa lez geldi-geldi geratuten diran horreetakoa naz, euriak iluntasunean daukan mistikeaz gozadu ahal izateko.
Kalean prisaz nahiz burumakur dabizen ibiltariei erne eta zuhur begira geratuten diran horreetakoa naz, euren barruko arazoa nahiz buruhaustea zein ete asmau guran. Irratian eskaintzen ez diran kanta ezezagun baina liluragarri horreekaz zorotuten jarraituten diranetakoa naz; tren bat benetan gustoko baldin badot, atzera bere bila doan horreetakoa, belarriak bizitearen trenbidean jarrita, trenak bigarrenez zanpatuko banau be. Kontziente naz, arraroa naz eta ez neuke beste edozerengaitik trukatuko.
Amodioa egin orduko, gorputzeko poro bakotxa laztanduten deutsun horreetakoa naz; udabarri sasoian, autobuseko jesarlekuatatik jentearen soinekoak begiratuten dituenetakoa; tamalez, desagerpen-arriskuan dagozan emozinoen aldekoa naz. Eta, ez, ez neuke beste edozerengaitik trukatuko.
Bidaiak egiterako orduan, eskuragarri dagoan jesarlekurik zabalena aukeratuten daben horreetakoa naz, pentsetan dodana idatzi ahal izateko; kalera aurikular bage nahiz edozer apuntetako koadernotxu barik urten ezin dan norbanako horreetakoa naz. Sartuten nazan denda bakotxean derrigorrez kaixo, egun on zein arrasti on esan behar daben gizabanakoen klubekoa naz, eta zelan zagozan itauntzen deutsudanean, benetan egiazko erantzuna ezagutu gura dabena be bai. Momentu txiki batek negarrez isten deutsien pertsonaia bitxi, autodestruktibo zein depresibo horreetakoa naz, baina irrifarre igeskor bakotxak eguna —edo astea, edo hilabetea— kolorez janzten deutson izaki bipolar, paranoiko eta hipokondriakoa be bai.
Espaloian bazkideak ehizatu nahian dabizen Gurutze Gorriko beharginei, taberna kanpoan zigarroa erreten dabizenei, Once-ko kupoi-saltzaileei zein tren-gidariei arpegira begiratu eta barre egiten deutsienetakoa naz; binilo-erreproduzitzaileetako orratzaren hotsak oilo ipurdia ipinten deutsien melomano horreetakoa naz, liburutegietara obra zaharren hautsez beteriko azalak usainduten joaten diran horreetakoa; txirlak, ostrak —gitxitan, oso gitxitan—, mojojoiak edo pareko muskuiluak jaterakoan, oskolakaz plateraren hegalean dorreak altzetan dituenetakoa naz; itxi pasetan dinoan kartelean stop-a egiten dabenetakoa; liburuak, etxeko apaletan, tamainaren arabera antolatuten dituen horreetakoa.
Horreekaz guztiakaz, seguru asko, ez dot biziraungo labezomorro arraroa izanaz, baina apurtxu bat zoriontsuago hilko naz. Hori seguru.
Erantzunak
Eskerrik asko gazte bati astelehen buruzuri hau argitutearren, benetan! Jarraituko dogu.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!
Niri be gustetan jat arraroa izatea. Bost piper basteen eretxia. Behin idatzi zenduan"Norentzako este zan?" Beste batzuen artean niretzat izaten dira zure artikuluak. Eskerrik asko eta jarraitu eizu.