Saioa Bañales eta Aroa Blancoren 'Odola' antzerkiak edegiko dau Lautan Hiru

Bizkaie! 2025-01-28 12:44   Kulturea

Zezeilaren 6an, 13an, 20an eta 27an egingo da egitasmoa.

Indartsu dator Lautan Hiru antzerki-jaialdiaren zazpigarren edizinoa. Urtero lez, Bilboko Zazpikaleetako euskal giroa suspertu nahi dabe atontzaileek, eta, bide batez, euskal antzerkilariei plaza barriak eskaini euren lanak erakus daitezen. Lau astez eta eguenetan egingo da Lautan Hiru: guztira 8 ekitaldi eskainiko dira eta Euskal Herriko Antzerkizale Alkarteagaz (EHAZE) batera atondutako Ikusle-klubeari be eutsiko jako.

Holan, zezeilaren 6an, 13an, 20an eta 27an egingo da Lautan Hiru. Bilboko Udalak babesten du jaialdia. Betiko lez, Euskaltzaindiak alkarlanean osotu dau egitaraua, hain zuzen be, ondoko honeekaz batera: Tartean Antzerki Konpainia, Bira Kulturgunea eta 7Kature. Eszenatokiei jagokonez, sei lekutan programauko dira lanak: La Sinsorga, Kalderapeko, BIRA, Cafe Bar Bilbao, 7Katu gaztetxea eta Euskaltzaindiaren egoitzea.

Igaz antzerkiaren gorputza-gorputzaren antzerkia izan eban ardatz jaialdiak. Aurton, barriz, gazteek egiten daben antzerkiari erreparauko deutso, Gazte gara gazte eta ez dugu (zuen) antzerkia maite leloagaz. Bestalde, lau estreinaldi izango dira: XXII. Café Bar Bilbao-Tartean sarietako testu saridunakaz eginiko irakurketea; 2024ko Lautan Hiru laguntzinoa eskuratu eban Alferrak, tunanteak, maleanteak ikuskizuna; 7Katu gaztetxeagaz batera egindako Errealitatearen harribitxiak piezea; eta Jokin Oregik zuzendutako Arima eta Bihotza (Lezoko Antzerki Testu Laburren II. Lehiaketan lehen saria).

Euskaltzaindiaren egoitzean egin dan agerpenean, Andres Urrutia euskaltzainburuak eskertu nahi izan dau Bilboko Udalaren babesa eta laguntzinoa, eta horregaz batera Zazpikaleetako kultur eragileekaz izandako alkarlana nabarmendu dau, ezinbestekoa dana holako egitasmoek arrakasta osoa izan deitezan. Ganera, jaialdiak mugarri berria ezarri dauela azpimarrau dau euskaltzainburuak: Lau ikuskizun sustatu ditugu, beraz, antzerkilariei plaza barriak eskaintzeaz gan, Bilboko Zazpikaleetan euskal giroa zabaltzeaz gan, euskerazko antzezlanak produziduten lagundu dogu, eta hori pozgarria da benetan.

Bestetik, Eider Inunciaga Bilboko Udaleko Euskera, Herritarren Arreta eta Partaidetza, Agenda 2030 eta Nazinoarteko zinegotziak erakundeen eta kultur kolektibo eta eragileen arteko lankidetzea goraipatu dau: antzerkia kultura-adierazpidea izan da beti Euskadin eta, ganera, gure hizkuntza sustatzen eta jagoten lagundu dau. Historian zehar, euskerazko antzerkiak istorioak kontetako, tradizinoak transmitiduteko eta gai sozial eta politikoak aztertzeko bitarteko bezela balio izan dau. Denporearen poderioz, euskerazko antzerkiaren berpiztea bizi izan dogu, hainbat obra eta konpainia sortu dirala, hizkuntza bizibarritzen eta belaunaldi barriei eskuragarri egiten lagundu deuskunak. Horrek, arte eszenikoetan euskerearen erabilera sustatzeaz gan, euskal nortasun kulturala indartu dau. Ganera, euskerazko antzerkiak euskal errealidadea esploretako eta adierazoteko aukerea emoten deutse antzerkigileei, hizkuntza publikoagaz konektetako tresna bezela erabiliz. Lautan Hiruk hau guztia eta gehiago jagoten dau.

Antzerki-produkzinoari laguntzinoa

2020an, Euskaltzaindiak antzerki-produkzinoa sustatzeko laguntzino barria sortu eban, Bilboko Udalaren babesagaz. Estreinako laguntzino hori Artekartu konpainiak eskuratu eban, Hauts artean lanagaitik. 2021ean, barriz, Les Bobe Bobe konpainiak jaso eban laguntzinoa, Udaberria heldu da lanagaitik. 2022koa eman barik gelditu zan eta 2023koa Iruñeko La Piel konpainiak jaso eban, Beren izenez lanagaitik. 2024koa Gilkitxaro konpainiak eskuratu dau eta aurtongo jaialdian estreinauko da lana, hain zuzen be, zezeilaren 13an, Bira Kulturgunean.

Ikusle kluba

Euskal Herriko Antzerkizaleen Alkarteagaz (EHAZE) batera, 2022an Ikusle kluba atondu zan estreinakoz. Aurton be esperientzia hori errepikauko da, eta ikusleek antzerkilariekaz berba egiteko aukerea izango dabe. Halanda ze, jardunaldi bakotxeko azken ikuskizuna amaitu ostean, antzezleekaz edo zuzendariekaz berba egiteko aukera izango da, EHAZEko kideek gidatutako berbaldian.

Sarrerak eta zozketak

Aurton ez da bonurik salduko. Beraz, sarrerak egunean bertan erosi ahalko dira (emonaldi bakotxa 4 euro): ikuskizuna emoten dan espazioan zabalduko dira leihatilak, ordu bete aurretik (holan, 19:00etan bada ikuskizuna 18:00etatik aurrera sarrerak erosteko aukerea izango da). Zozketa azken emonaldiaren ostean egingo da beti, bertaratutako publikoaren artean eta opariak Zazpikaleetan euskerea eta euskal kulturea bultzatzen daben negozinoekaz adostuko dira.

Egitaraua

Sei agertokitan antzeztuko dira: Euskaltzaindiaren egoitzean (Plaza Barria, 15), Bira Kulturean (Erronda kalea, 2); Cafe Bar Bilbaon (Plaza Barria, 6); 7Katu gaztetxean (Solokoetxeko eskailerak), Kalderapekon (Txakur kalea, 1) eta La Sinsorga Kulturgunean (Askao kalea, 9).

- Zezeilak 6

  • 18:30, Euskaltzaindian: Odola (Saioa Bañales eta Aroa Blanco).
  • 19:30, La Sinsorgan: Gregoria (Bea Egizabal).

- Zezeilak 13:

  • 19:00, Cafe Bar Bilbaon: XXXII. Café Bar Bilbao-Tartean saria (Markos Goikolearen gidoia); Destiny driver (Leire Ormazabal eta Koldo Olabarri).
  • 20:00, Biran: Alferrak, tunanteak, maleanteak. Lautan Hiru laguntzinoa jaso dauena (Ane Zabala, Galder Pérez eta Aitor García de Vicuña).

- Zezeilak 20:

  • 19:00, 7Katu Gaztetxean: Errealitatearen harribitxiak (Amets Larrea, Nerea Lizarralde, Josu Iriarte eta Jare Torralba. Zuzendaria: Mikel Martinez).
  • 20:00, Biran: Buruaz norbere egin (Ruth Guimera eta Leire Orbe).

- Zezeilak 27:

  • 19.00, Kalderapekon: Arima eta bihotza (Mikel Losada eta Anje Oregi).
  • 20:00, 7Katu Gaztetxean: Heroiaren mina (Gaizka Chamizo).

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu